LAB sindikatuaren hitzetan, zamatze lanak "hainbat arrisku" eragiten ditu, eta Bergaran gertatutako lan istripuari dagokionez, salatu du "larriki zauritutako langilea" bakarrik ari zela lanean prozesu osoan: "Nola liteke pabiloi osoan langile bakar batek bere gain hartu behar izatea ardura hori?". Azaldu duenez, "sarritan" aldarrikatu dute garraiolariek "leku seguruan" egon behar dutela enpresako langileek zamatze lanak egin artean: "Baina zamatze lan horiek, lan arriskutsuak diren heinean, hainbat langileren artean koordinatuta egin behar dira".
LABek, beraz, azpimarratu du "enpresek zamatze prozedurak garatu eta abian ipini behar" dituztela, "horietan jardungo duten langileen arriskuak aurreikusi eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriz". Izan ere, uste du "araudia betetzen ez duten enpresariak eroso daudela Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin": "Osalan inolako ahalmenik ez duen aholkularitza bilakaturik eta lan ikuskaritza apenas ikuskaririk gabe, patronalak inpunitaterako ingurumari ezin hobea dauka, eta langileriak bere osasuna urratuaz ordaintzen du".
Elkarretaratzea, martitzenean
Bergarako lan istripua salatzeko, beraz, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNE-Etxaldek osatutako intersindikalak deituta, mobilizazioa egingo dute martitzenean, hilak 28, San Juan auzoko Larramendi industrialdean, Embalan 3 enpresaren atarian, 12:30ean.