Beartek eta Baionako Kortsarioen Elkarteak egiten duten erakusketa-trukearen ohiturari jarraituz, Baionako bi eskulturagileren eta bost irudigileren lanak daude ikusgai Aroztegi aretoan. Beart elkarteko kideek bi urtetik behin erakusten dituzte lanak Baionan; haiek, berriz, bi urtean behin. Bearteko presidente Xabier Agirrek bere agurrean adierazi du "fitxaketa berriekin berrituta" datorrela Baionako lantaldea. "Mugaren beste aldetik, aire desberdinekin etortzen zaizkigu, aberastasun plastiko nabarmena eta askotariko aniztasun estilistikoa berresten dutenak. Adierazpen-berezitasunak gaikako garapenari eta elkarteko kide bakoitzaren jakintza metatuarekin lotuta daude, ezinbestean", dio Agirrek.
Ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Hauxe izango da ordutegia: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.