Aurten ere banatu ditu Mahonero Sariak Bergarako Kirol Elkarteko futbol sailak, eta Erregionalen Ohorezko Mailako taldeak domekan Eibarren aurka Agorrosinen jokatu zuen partiduko atsedenaldia aprobetxatu zuten horretarako.
Erregional Ohorezko Mailako Ibai Leizeagak jaso zuen jokalari onenaren saria gizonezkoetan; emakumezkoetan, berriz, Preferente Mailako Maider Jorge jokalariarendako izan zen. Liga Nazionalean dagoen gazte mailako taldeko Iñaki Mardarasendako izan zen entrenatzaile onenaren saria eta Futbol Eskolako monitore nabarmenena Alaitz Olabarrieta izendatu zuten. Bazkidearen saria Antonio Patorendako izan zen.
Domekan Sari Berezia eman barik geratu zen. Aitor Arregi futbolariari eman nahi zioten saria, baina osasun arazoengatik ezin izan zuen saria jaso. Hala ere, klubetik adierazi dute aurrerago emango diotela saria.
Zuzendaritza eta klubeko kirol zuzendariaren artean egiten dute sarituen hautaketa, eta, besteak beste, denboraldi osoan emandako maila, egindako lana, erakutsitako konpromisoa eta urteetan klubaren alde egindako lana eta emandako babesa hartzen dituzte kontuan.
Laugarren postuan
Etxeko azken partidua jokatu zuen Erregional Ohorezko Mailako Bergarako taldeak domekan. Hirugarren Mailarako igoera jokoan zuen Eibarren aurka. 0-4 amaitu zen partidua, eta, duela asteburu batzuk ziurtatu bezala, laugarren postuan amaituko du denboraldia BKEk.
Iker Ruiz de Larramendiren taldeak Oiartzunen jokatuko du denboraldiko azken partidua, zapatuan, eguerdiko hamabietan. Oiartzuarrak hamargarren postuan daude sailkapenean. BKE-ko presidente Iosu Elorzak taldeak egindako denboraldiaren balorazio positiboa egin du. Azaldu duenez, azken 20 urteetako posturik onena lortu du taldeak, haren esanetan, "etxeko jokalariez" osatutako talde batekin. Oiartzunen aurkako partida horri begira, 60 puntuak gainditzea dute helburu, denboraldiari amaiera "polita" emateko. Une honetan, 59 puntu dituzte mahoneroek.
Lau jokalariri agurra
Berezia izan zen Eibarren aurkako partidua Xabier Azpiazu, Jon Laskurain, Paul Valgañon eta Mikel Larrañaga jokalariendako. Hainbat urtez BKEko elastikoa defendatu ostean, euren azken partidua jokatu zuten Agorrosinen. Agur esango diote futbolari lau jokalariek. Taldekideek eta entrenatzaileek eskerrak eman zizkieten egindako lanagatik.