Porrota eta agurrak, etxeko azken partiduan

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 19a, 19:46

Etxeko azken partidua jokatu du Bergarak Eibarren aurka eta 0-4 garaitu diete eibartarrek mahoneroei. Era honetara, duela asteburu batzuk ziurtatu bezala, laugarren postuan amaituko du txapelketa talde bergararrak. 

Sailkapenari dagokionez ezer gutxi izan dute jokoan azken jardunaldietan bergararrek, eta aurkari gisa, Hirugarren Mailarako igoera jokoan zuen Eibar izan dute. Sendo aritu dira defentsa lanetan etxekoak, baina korner baten sartutako golari esker aurretik jarri dira eibartarrak. Golaren ostean, markagailua berdintzeko aukerak izan ditu Ruiz de Larramendiren taldeak, baina ez du lortu Bermejoren atea zulatzea.

Huts eta bikoa ere korner bidez sartu dute eibartarrek atsedenaldiaren ostean, eta hortik aurrera, partidua ireki egin da. Bergararrak markagailuko tartea laburtzen saiatu badira ere, 83.ean eta 90.ean eginiko gol banak erabakita utzi du neurketa eibartarren alde. Oiartzunen etxean jokatuko du Bergarak denboraldiko azken partidua.

Jokalariei agurra

Berezia izan da Eibarren aurkako partidua, batez ere Bergarako lau jokalarirentzat: Xabier Azpiazu, Jon Laskurain, Paul Valgañon eta Mikel Larrañagarentzat. Hainbat urtez Bergarako elastikoa defendatzen aritu ostean, euren azken partidua jokatu dute Agorrosinen eta, horrela, agur esan diote futbolari lau jokalari bergararrek; euren taldekide zein entrenatzaileek eskerrak eman dizkiete urte hauetan egindako lanagatik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak