Herri Arteko Pilota Txapelketako lehen kanporaketa irabazten hasi zuen Bergarak; maiatzaren 10eko itzulerako partiduetan pilotari bergararrak nagusi izan ziren Amasa-Villabonako pilotarien aurka. Aritz Etxabe eta Arkaitz Ilarduia kadeteek 22-7 irabazi zuten; gazte mailako Aratz Ormaetxeak eta Peru Alberdik 22-3; eta, azkenik, senior mailako Gorka Martinek eta Harri Oterminek 22-12.
Herri Artekoan, Amezketa
Sei pilotari horien entrenatzailea Ander Muruamendiaraz da, baina lehen kanporaketako itzulerakoan BKEko pilota saileko Julen Aranburu aritu zen entrenatzaile lanetan: "Kadeteen eta nagusien emaitzak ikusita ematen du erraz irabazi zutela, baina kostata irabazi zuten; batez ere, nagusiek. Gazte mailan, berriz, oso erraz irabazi zuten". Bigarren kanporaketa Amezketako pilotarien aurka jokatuko dute bergararrek; joanekoa bihar jokatuko dute, Bergarako udal pilotalekuan, 19:00etan hasita.
Aranbururen arabera, aukerak badituzte Amezketa gainditzeko: "Hasiera batean, hiru partiduetan ditugu aukera asko irabazteko. Gure bikote indartsuena kadeteak dira, eta, beraz, ea kanporaketa ahalik eta ondoen hasten dugun, ahalik eta alde handiena ateratzen tantoei dagokienez. Badakigu, hala ere, euren kadete bat indartsu datorrela". Gazteen eta nagusien mailako lehien inguruan galdetuta, honako hau dio Aranburuk: "Gazte mailan asko borrokatuta irabazteko aukerak izango ditugu; betiere, gure lanak ondo egiten baditugu. Eta nagusien mailan ea Etxaniz bere maila onena emanda inposatu daitekeen; Harrik maila ona eman zuen joan den asteburuan, eta ea horren fin aritzeko gai den. Gure helburua da kanporaketa aldeko eramatea Amezketara, ahalik eta tanto-alde politenarekin".
Ezin da ahaztu, gainera, Pentekosteetako lehen egunaren testuinguruan jokatuko direla partiduak, eta hori ere bada pizgarri berezi bat: "Jaiak dira, eta ondoren afaria egingo dugu elkarrekin. Ilusio bereziarekin gaude; ea dena ondo irteten den".
Bergara Hiriko finalak
Bergara Hiria txapelketako finalak astelehenean, hilak 20, jokatuko dira, frontoian, 18:30ean hasita. Promes mailan Oier Ibarluzeak eta Markel Calvok Oier Zabaletaren eta Urko Bullonen aurka neurtuko dituzte indarrak; eta, nagusien mailan, berriz, Unai Amianok eta Beñat Garmendiak Ander Murua arrasatearra eta Endika Uriondo izango dituzte aurkari.
Martitzenean jokatu ziren Bergara Hiria txapelketako azken finalerdiak; promes mailan, Zabaletak eta Bullonek 22-17 irabazi zuten Labakaren eta Garciaren aurka. "Zabaleta eta Bullon faborito izan arren, hasieratik ikusi zen egun aldrebesa zutela; erabaki txarrak, pilota errazak huts egiten... Hala, 6-18 jarri ziren aurretik Labaka eta Garcia, baina, faboritoen erreakzioaren eta Labakaren eta Garciaren kale erraz batzuen ondorioz, Zabaleta eta Bullon izan ziren nagusi".
Nagusietan, ordea, Muruak eta Uriondok 22-11 menderatu zuten Canabal eta Apeztegia: "Murua eta Uriondo oso indartsu hasi ziren: 10-2. Tarte batean Canabalek eta Apeztegiak partidua gogortu egin zuten, baina Muruak eta Uriondok kontrolpean izan zuten lehia. Finalerako eurak dira faborito", dio Aranburuk.
Profesionalak, jaiak ixteko
Jaietako azken eguneko klasikoetako bat izan ohi da pilotari profesionalen jaialdia. Maiatzaren 21ean 17:00etan hasiko da, eta lehen lehiaren ostean hasiko da partidu nagusia: Ezkurdia-Zabaleta bikoteak Etxeberria-Rezustaren aurka neurtuko ditu indarrak.