Pentekosteetan hutsik egiten ez duen eragile kultural beteranoena da, zalantza barik, musika banda. Bitorianatxo jaitsi eta festak eztanda egiteaz bat (20:00), Pobres y alegres ezagunarekin abiatuko du kalejira bandak. "Jai giroa beti da berezia, herri giroa baita. Jaien hasierako kalejira polita izaten da, kaleak jai gogoz dauden herritarrez beteta egoten dira-eta", adierazi du bandako zuzendari Enrike Txurrukak.
Ohikoa den moduan, domekan, hilak 19, emango dute kontzertua (12:30). Espoloian egin nahi dute, baina euria bada frontoian izango da: "Urtero saiatzen gara jaietarako kontzertu indartsua gertatzen, eta aurten ere hala izango da. Pieza klasikoak eta berriak izango dira, hiru pieza lehen aldiz jota", dio Txurrukak.
Pieza hauek joko dituzte etzi: Musica y vinos (Manuel Morales), La forza del destino operaren obertura (Guissepe Verdi), Amaya operako Ezpata dantza (Jesus Guridi), Three inventions Broadwayrako pieza (Sheffer), Encanto (Robert W. Smith) eta Isn't she lovely (Stevie Wonder).