Txapa Irratiko kideek emango diete Pentekosteei hasiera, eurek botako baitute txupinazoa datorren egubakoitzean, hilaren 17an, Bergarako udaletxeko balkoitik, Jai Batzordeak hala erabakita; hain justu, irratiaren 40. urteurrena ospatzen dabiltza. "Euskal Herri osoan irrati gutxi dago 40 urteko ibilbidea duena, eta, kasu honetan, Txapa moduko irrati libre honek beste hainbatengandik ezberdintzen dituen balore oso esanguratsuak ditu", adierazi dute Gorka Artola eta Maite Usabiaga udal ordezkariek. Haien hitzetan, "belaunaldi berriak eta ideia berritzaileak" izan ditu lau hamarkadetan, eta irratia bizirik mantentzeak "sekulako meritua" du. "Prentsa librearen aldeko aldarria egiteko aukera aproposa izango da, aldi berean".
Duela 40 urte, 1984an, sortu zuten Txapa Irratia. Lokal batetik hasi ziren emititzen lehen irratsaioak, baina bost urteren ondoren, 1989an, udaletxearekin erdietsitako akordio bati esker, udalaren jabetzako lokal batera pasatu ziren. Egun, Kartzela Zaharretik jarduten dute.