Aurreko urteetatik identifikatutako hutsune bati erantzunez indartu dira aurten gaztetxoei zuzendutako ekintzak. Pentekoste jaiei hasiera eman bezain pronto izango dute parrillada gaztetxoek. Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatuta, Seminarioko karpan elkartuko dira festen hasiera ospatzeko. Zapatu arratsaldean, berriz, kaleko dantza tailerra izango dute 8 eta 12 urte arteko neska-mutikoek Munibe plazan. Eta domeka sormena lantzeko eguna izango da; izan ere, Beart elkarteak lagunduta, 11:00etan abiatuko da Simon Arrieta Plastika Sariketa, San Martin plazan. Sari banaketa 13:00etan izango da.
Gaztetxoei begirako nobedadeen artean da aurten Jardun elkarteak domeka arratsaldean egingo duen ginkana. LH-3 eta DBH-4 arteko gazteei zuzenduta, banako, binako eta hiruko taldeak osatu behar dituzte. Astelehena da izena emateko azken eguna: gaztejardun@topagunea.eus.
Martitzenean, berriz, jolas-parkea egongo da goizez zein arratsaldez Ipintzako jolastokian. Urtero moduan, askotariko jolasak egongo dira eta nork bere gustukoenetan trebatzeko aukera izango du.
Ezin ahaztu, azkenik, Potx eta Lotx pailazo oñatiarrek martitzen arratsaldean txosnagunean egitekoa duten emanaldia.
Barraken gunea
Urtero moduan, mugimenduzko hamar bat feria, beste hainbeste etxola eta zenbait elikagai establezimendu egongo dira aurten barraken gunean. Helduendako zein umeendako atrakzioen prezioa 2,50 euro izango da bidaia bakoitzeko. Sei bidaiako bonuak 10 eurotan salduko dira. Prezioak merkeagoak izango dira –1,50 euro– Pazko-asteleheneko goizean zein aste horretako eguaztenean, egun osoz.
Behar bereziak dituzten umeek ere feriaz goza dezaten, jaietako domekan eta astelehenean ez da musika edo sirena zaratatsurik jarriko feria-esparru osoan 17:00etatik 19:00etara. Gautena elkartearekin koordinatutako ekintza da. Bestalde, ferietako langileek lehentasuna eman beharko diete ilaran dauden eta premia bereziak dituzten umeei.