Iñigo Almorza: "Plaza handiagoa behar da, baina ez da sartzen"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 14a, 15:00

Errekortarien txapelketa, iaz.

Iaz 500 bat lagun gelditu ziren kanpoan, baina Seminarioko patioan ez da zezen-plaza handiagorik sartzen. Iñigo Almorzak gomendatu du sarrerak aurrez erosteko. Eguaztenetik egubakoitzera egongo dira salgai leihatilan, arratsaldez.

Ohiko ikuskizun sorta izango da Bergarako zezen-plazan Pen- tekoste jaietan. "Oso ondo fun- tzionatzen duen eskaintza da, eta ez dugu aldaketarik egingo", esan du Bergarako Zezenak ga- nadutegiko arduradun Iñigo Almorzak. Zapatu arratsaldeko errekortarien txapelketa izango da lehen ikuskizuna. "Hamabi errekortari arituko dira; tartean, hiru debagoiendar: Anartz Al- morza eta Unai Arana Xurra bergararrak eta Ander Martinez Txino aretxabaletarra.

Domeka arratsaldean Euskal Herriko errekortarien ikuskizuna izango da: "Harrera oso ona izaten du Bergaran, eta ohiko formatuan egingo dugu: alde batetik, alde serioa; eta bestetik, komikoagoa".

Astelehen eguerdian izango da ekitaldi ganberroena: kuadrillen arteko olinpiadak: "Sekulako indarra du. Iaz hogei talde baino gehiago apuntatu ziren. Aurten ere uztaien jokoa egingo dugu eta zezenek erabakiko dute ze sei kuadrillak jokatuko dituzten olinpiadak".

Bigantxak 09:00etan

Domeka eta martitzen goizetan bigantxak izango dira. Gaupasan daudenen unea da eta nor bere onena ematen saiatzen da. "Eskatu genuen 08:00etara aurreratzea. Kartelak ere horrela atera ditugu, baina Udalak ez digu aldaketa onartu eta jendeak jakin behar du 09:00etan izango direla", esan du Almorzak.

Gaztetxoentzako bigantxak

Astelehen eta martitzen arratsaldeetan gaztetxoentzako bigantxak ere izango dira zezen-plazan. Martitzenean, gainera, errekortari eskola ibiltariaren saioa izango da. "16 urtetik beherakoak gezurretako zezenekin ibiliko dira. 16 urtetik gorakoek izango dute aukera benetako zezenekin ibiltzeko", esan du.

1.200 lagunentzako zezen-plaza

Zezen-plaza handiagoa ekarri nahiko lukete Bergarako Zezenak ganadutegiko kideek: "Ikuskizun guztietarako betetzen da eta jende asko gelditzen da kanpoan. Iaz hustu egin behar izan genuen zezen-plaza kuadrillen olinpiadetarako; jende gehiegi zegoen. Errekortarien txapelketaren egunean, berriz, 300 bat lagun gelditu ziren kanpoan, eta domekako errekortarien ikuskizunerako beste 200 gelditu ziren sarrerarik gabe. Jaien osteko balorazioa izan zen zezen-plaza handiagoa ekarri behar dela Bergarara, baina ez da Seminarioko patioan sartzen. Arrasaten jartzen duguna handiagoa da, 1.500 plaza ditu. Bergarakoa 1.200 eserlekukoa da".

Hain zuzen ere, sarrerak aurretik hartzeko gomendatu du. "Badira pare bat urte salmenta aurreratzen dugula. Aurten eguazten, eguen eta egubakoitz arratsaldeetan salgai izango dira leihatilan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak