Txikon eta 'Azpi' herri kirolen erakustaldian

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 16a, 10:00

Paulo Azpiazu, artxibo irudian, harriarekin lanean.

Hilaren 21ean herri kirolen erakustaldia egingo dute San Martin plazan. Harri-jasotzaileen artean Paulo Azpiazu entrenatzaile bergararra izango da eta aizkolarien artean Alex Txikon mendizalea; Iparraldeko jokoak ere egingo dituzte.

Hilaren 21ean, martitzena, herri kirolen erakustaldia egingo dute San Martin plazan, 12:00etan, eta bertan zenbait aurpegi ezagun izango dira nor baino nor gehiago: batetik, aizkolarien desafioan Hodei Ezpeleta (Eibar), Alex Txikon (Lemoa), Jesus Mari Mujika (Ibarra) eta Ernesto Ezpeleta Bihurri (Eibar) aizkolariak izango dira; eta harri-jasotzaileen erakustaldian herrikide batekin gozatu ahal izango dute bergararrek, Paulo Azpiazu izango da-eta harriarekin lanean, eta harekin batera Zarauzko Ainitze Zumetak ere erakustaldia egingo du.

Publikoarendako herri kirol ezagunak diren horiekin batera, Carlos Aretxabaletak bestelako herri kirolen erakustaldia egingo du; kasu horretan, Iparraldeko jokoak eramango ditu San Martin plazara: lasto altxatzea, lasto botatzea, gurditik tiratzea eta ingudearekin ere egingo du saioa.

Mokoloblok hilaren 19an

Aire librean egingo duten beste kirol hitzordu bat eta aurreko edizioetan arrakasta polita izan duena izango da Mokoloblok; Bergarako jaietan egiten duten hirugarren edizioa izango da. Esan moduan, iaz eskalatzaileek Bergarako kaleetan egindako saioak ikusmin handia piztu zuen, eta aurten ere antolatzaileek aurrez aukeratutako herriko eraikinetan ibiliko dira, miarmak bezala boulder saioak egiten. Kontuan izan behar da izena eman duten eskalatzaileek euren material propioa eraman beharko dutela –bereziki, katu oinak eta koltxonetak ere eskertuko dituzte...–. Hain zuzen ere, kaleko boulder edo kale-blok topaketa 18:00etan hasiko dute.

Pilotari profesionalen jaialdia 21ean

Jaien barruan antolatu dituzten hitzorduen artean, Bergarako frontoian bi pilota jaialdi izango dira. Astelehenean, Kuadrillen Egunean, Bergara Hiria txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta, hain zuzen, oraingo martitzenean jokatuko dituzte final horretan nortzuk egongo diren erabakitzeko finalerdiak. Eta bestea profesionalen jaialdia izango da. Hala, martitzenean –hilak 21–, Aspek antolatuta, Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak bikotea osatuko dute, eta Ezkurdia eta Zabaleta izango dituzte aurrean. Sarrera merkeenak 20 eurotan egongo dira; garestienak, 35 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak