Kuadrillen Egunean, hilaren 20an, egingo duten baltsa jaitsiera (11:30) bilakatu da jai egitarau barruan ikusmen handiena piztu duen ekimenetako bat. Ez da nobedadea, lehenago ere egiten zutelako jaitsiera hori, baina 12 urte pasa dira Deba ibaiko uretan azken jaitsiera egin zutenetik, eta Xaxauko lagunek hitzordua errekuperatzea erabaki dute. "Ez da gauza berri bat, herri askotako ibaietan egin ohi dituzte halakoak. Bergaran ere egiten zuten lehen, eta aspalditik geneukan hau errekuperatzeko gogoa; iritsi da momentua. Gainera, izan duen erantzunak ezustean harrapatu gaitu. Gutxieneko talde kopuru bat ezarri nahi genuen jaitsiera egiteko, hiruzpalau baltsa egon zitezela, sikiera, baina ez genituen hamabi baltsa aurreikusten. Hori ikusita, akaso, mugatu egin beharko dugu kopurua", dio Ibai Sanzek.
Piratekin egon dira
Baltsak zelan egin ikusteko, Donostiako jaietan protagonista izaten diren Piratekin egon dira. "Baltsak egiteko gomendio batzuk eman dizkigute. Hala, badakigu talderen bat dagoeneko lanean hasita dagoela; egia esan, halakoak ez ditugu batere arautu. Taldeei bai emango diegu oinarrizko materiala: poltsa puzgarriak, bridak, sokak... Eta hortik aurrera...". Eta Sanzek nabarmendu du baietz, lehenengoak saria izango duela, baina ez diotela lasterketa formatua eman nahi. "Denak irtengo dira batera; autobus geltoki ondoan errekara jaisteko aldapa bat dago, eta han hasi eta Usondo parke ondoan egongo da helmuga. Udalak baltsa azkarrena 150 eurorekin sarituko du, baina Xaxautik beste sari batzuk ere jarriko ditugu: baltsa originalena, mozorro onena duena... Bai eskatuko duguna da baltsek taldearen izena daraman kartel edo pankarta izatea".
Baltsan joango direnak animatzeko eskaera ere egin dute. "Herritarrek ere parte hartzea nahiko genuke, bazterretik edo zubietatik lasterketa ikusiz, edota ur pistolekin baltsan joango direnak xaxatuz. Alegia, saltsa egon dadila".