Andoni Goiti: "Erraldoi berriak gazteei begira egin ditugu"

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 14a, 10:03

Erraldoiak, iaz, Bergarako jaietan.

Bergarako Erraldoien Taldeak bi erraldoi berri estreinatuko ditu hilaren 18an San Martin plazan, 13:30ean. "1.850 izen-proposamen jaso ditugu, eta datozen egunotan erabakiko dugu ze izen jarriko diegun", adierazi du taldeko kide Andoni Goitik.

Bergarako Erraldoien Taldeak bi erraldoi berri izango ditu aurrerantzean, baina zapatura arte ez dituzte erakutsiko. Izena ere erabakitzeke dago: "Bergarako ikastetxeetan zabaldu genuen proposamenak egiteko deialdia, eta pozik gaude, erantzun oso ona jaso dugu. Orain, izen egokienak aukeratzea geratzen zaigu", dio Andoni Goitik.

Goitik aitortu du erraldoiak oraindik Beriainen dituztela. "Eskuartean tailerrean ari dira erraldoiak egiten, eta azken ukituak ematea geratzen zaie. Teknologia berrienarekin egin dituzte, material arinekin, eta, aldi berean, ez daitezela hauskorrak izan. Hala, ez dira erraldoi handiak, baina ezta txikietakoak ere, ertainak dira. Asmoa izan da taldeko gazteek erabiltzeko moduko erraldoiak egitea, 15-16 urteko gazteek erabil ditzaten egokiak izatea". Eta Erraldoi Taldekoek ez dute askoz gehiagorik aurreratu nahi izan. "Zapatuko aurkezpenera itxaron nahi dugu, herritar guztiek batera ikus ditzaten. Aurrera genezakeena da dantzariak direla eta erraldoien jantziak Fermin Teruelek egin dituela". Hain justu, aurreikusten du datorren aste amaieran ekarriko dituztela Bergarara, zapatuan gertu egon daitezen.

Erraldoi horiek egiteko ideia ez da aurtengoa. "Iazko jaietarako egin nahi genituen. Joxe Bixente eta Kattalin erraldoiak dagoeneko zaharkituta daude; eta egin genituen azkenek, Kotoi-k eta Mahoi-k, dagoeneko 4-5 urte izango dituzte. Hala, berriak egiteko ideia sortu zen. Baina iazko jaietarako amaituta izateko berandu ibili ginen eta aurtengo jaietarako egitea erabaki genuen, eta lasaiago ibili".

Guztira, 34 erraldoi

Zapatuan, erraldoi berrien aurkezpenaren aurretik, Bergarako gainontzeko erraldoiak kalejiran ibiliko dira, 11:30ean hasita. Erraldoi batzuk Matxiategitik irtengo dira eta beste batzuk, Espoloitik. Eta ez dira bakarrik ibiliko, aurten Torrejon de Ardozko (Madril), Markinako eta Oñatiko erraldoiak izango dituzte-eta ondoan –arratsaldeko kalejirarako (18:15) Markinakoak ere batuko zaizkie–. Eta kalejira San Martin plazan egongo den erraldoien gunean amaituko dute. Han izango dira, gainera, erraldoien erakusketa, palomita-makina, erraldoien liburuxka umeek margotzeko, umeentzako puzgarria... 13:00etan egingo duten ekitaldi berezian aurkeztuko dituzte bi erraldoi berriak. "Eta erraldoiak dantzariak direla jakinda, zerbait berezia egingo dugu", dio Goitik

Arratsaldean ere kalejira egingo dute: Munibe plaza, Bidekurutzeta, Ramon Maria Lili, Ibargarai, Irizar, Kruz Gallastegi, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak, Domingo Irala, Barren kalea eta San Martin plaza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak