Dagoeneko ohitura da Pentekosteetan film laburren lehiaketa egitea. Aurtengo jaiak ez dira salbuespena izango, eta Xaxauk hamabigarrenez antolatuko du lehiaketa. Maiatzaren 19an izango da emanaldia, 22:30ean, baina, emanaldia egiteko, film laburrak egin beharko dituzte herritarrek. Filmak aurkeztu ahal izateko araudia ere iragarri dute Xaxauko kideek. Ez da gairik egongo, baina metronomo bat agertu beharko da, eta bihotz alaia esaldiaren erabilera derrigorrezkoa izango da. Gehienez bost minutuko iraupena izan dezakete filmek eta lanak gaurko entregatu behar dira xaxaukomunikazio@gmail.com helbide elektronikoan.
Harrera ona
Pozik hartzen dute herritarrek film laburren lehiaketa, eta aurten ere harrera polita espero dute. "Espektatibak altu ditugu eta aurtengoa edizio polita izango dela uste dugu. Beste behin ere, momentu zoragarriak biziko ditugu emanaldian", dio Andoni Etxezarretak, Xaxauko kideak. Musika Eskolari omenaldia Metronomoaren eta bihotz alaia esaldiaren erabilera ez da kasualitatea; Xaxauk Musika Eskolari egindako omenaldiaren parte dira. "Xaxau konpartsak aspalditik jaietan talde bat omentzen du, eta film laburren lehia- keta talde omendu horri lotuta egoten da. Aurten Bergarako Musika Eskola izango da talde omendua, 40 urte betetzen dituelako eta herriko kultur eragile garrantzitsua delako. Eguneko egitarauan Musika Eskolak garrantzia izango du eta lehiaketan ere keinu bat egiten zaio", dio Etxezarretak.
Sariak
Lehiaketa bat den heinean, sariak eta sarituak izango dira. Jon Olivaresek, Yune Nogueirasek, Jone Albenizek eta Jone Santamariak osatutako epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: film labur onena, aktore onena eta edizio onena. Horrez gain, ikusleek era gehien gustatu zaien filma zein den botatzeko aukera izango dute. Sarituek Xaxauk antolatutako paella-janerako gonbidapena eskuratuko dute.