Aitor Zabaleta izan da azkarrena Gorlako igoeran

Imanol Beloki Unamuno / Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mai. 11a, 19:41

Bost urteko itxaronaldiaren ostean, Gorlako igoera izan da gaur, eta, XXIX. edizioan Aitor Zabaleta izan da denbora onena egin duena (02:38.739) Lola T298 autoarekin. Bero itzelari egin behar izan diote aurre pilotuek zein proba ikustera gerturatu diren zaleek, baina, gozatu ederra hartu dute guztiek. Gorla racing taldeko Xabier Zabaletak azaldu duenez "susto pare bat izan dira, baina, normaltasunez egin izan dugu lasterketa".

Guztira, 43 pilotuk hartu dute parte igoeran, eta, sailkapen nagusiari dagokionez, honela geratu dira goiko postuak. Aitor Zabaletaren kategorian berean, eserleku bakarreko autoen mailan, Daniel Jimenez izan da bigarrena(02:49.471) BRC B49 autoarekin. Turismoetan Igor Urien (02:46.810) izan da lehena Citroën AX E2 autoarekin; bigarrena, Bruno Scherer (02:52.338), Porsche GT3 CUP autoarekin; eta, hirugarrena Mikel Otxoa aretxabaletarra (02:52.358), BMW Touring autoarekin.

Aitor Zabaleta bergararra gustura agertu da garaipenarekin: "Azken manga soberan zegoen, baina hasi naizenean ikusi dut nahiko txukun ari nintzela egiten. Denbora ez zen txarra, denboran irabazi dut, baina entrenamenduan inork ez ditu kartak ateratzen mahaira. Lehen ofizia ondo atera zait, eta pentsatu dut horren gaizki ez dudala egin".

Igor Urien, turismotan garaile, lehen aldiz egon da Gorlako igoeran eta "gustura" dago egindakoarekin: "Beti izan da famatua Gorla, eta pozik geratu naiz". Azaldu du lehen mangan "sakatu" duela eta horrek balio izan diola irabazteko: "Metara heldu naizenean, pozarren nengoen".

Zabaleta aita-semeak, "amets bat egia bihurtuta"

Aitor Zabaleta azken urteetan erretiroa hartuta egon da, baina Gorlako igoera itzultzearekin batera, parte hartzea erabaki du eta berriro ere podiumera igo da. Azaldu du hasiera "xelebrea" izan dela martxak ezin zituelako topatu, lehen manga ofizialean lasaitu egin dela eta "hobeto" atera dela.

Alabaina, lasterketa "berezia" izan da honakoa lehen aldiz, lasterketa berean lehiatu baita haren seme Aitor Zabaletarekin. Gaztea bigarren bergararra izan da sailkapenean eta gustura agertu da egindakoarekin nahiz aitaren aurka lehiatzeagatik: "Ondo egon da, emozio asko, gustura. Lehen aldiz hartu dugu batera parte eta amets bat egin bihurtuta. Txikitatik gura nuen momentu bat pasatu da eta pozik".

Aitak, berriz, dio semeak aitari irabazteko "amorrua" zuela, baina autoa aldatu beharko dutela horretarako, bestela berak jarraituko duela irabazten. "Ez zegoen hori egiteko aukerarik aurten. Lagunen artean egon dira halako apustuak aitak edo semeak irabaziko ote zuen, baina ez dago ezer egiterik. Behintzat barretxo batzuk botatzeko ondo egon da", dio Zabaleta semeak.

Lola T298 martxan, aurreratu du litekeena dela berriro lasterketetara itzultzea: "Baliteke itzultzea, kotxea martxan daukadanez, neu hain gaizki ez nago, beraz, ikusiko dugu. Denak ondo ateratzen bada, jarraituko dugu".

Debagoiendarrak igoeran

Zabaleta aita-semeekin batera ibarreko beste bederatzi lagun lehiatuko dira: Mikel Otxoa (BMW Touring), Ander Serrano (BMW M3), Iñigo Errasti (Clio Sport), Mikel Beretxinaga (BMW 325i), Unai Jurado (BMW 325i), Asier Odriozola (Ibiza TDI), Gorka Urrutia (206 HDI), Jokin Mellado (Saxo VTS) eta Aimar Arriolabengoa (Citroen AX). Mikel Otxoa aretxabaletarra hirugarrena izan da turismoen kategorian.

Mikel Beretxinaga elgetarra "gogotsu" zegoen Gorlako igoera egiteko. "Etxeko" igoera modura hartzen du lasterketa hau, eta dioenez, "asko" disfrutatu du. Uste baino hobeto aritu dela dio, izan ere, ia bi urte egon da lasterketetan parte hartu gabe golpe baten ondorioz. Autoa prestatu eta Gorlako igoeran estrenatu du: "Pentsatutakoa baino askoz hobeto, gustura eta pozik. Sentsazio onak eta gogotsu nago denboraldiari aurre egiteko".

Aimar Arriolabengoa aramaioarrarentzat ere lehenengo Gorlako igoera izan da, eta "ondo" joan zaiola irizten dio: "Oso ondo joan da, dena amaituta, eta matxurarik gabe. Tartea ere oso polita izan da eta oso ondo".

Antolatzaileak gustura

"Kostata", baina azkenean Gorlako igoeraren XXIX. edizioa egin dutela adierazi du antolatzailea den Xabier Zabaletak. Balorazio positiboa egin du. Adierazi du jendea gustura geratu dela pilotu nahiz ikusleei asko gustatzen zaien lasterketa delako "denetik daukalako". Eskerrak eman dizkie laguntzaile eta kolaboratzaile guztiei, baita lasterketan zehar bolondres lan egin dutenei ere.

2019an egin zuten azkenengoz honako igoera pandemia nahiz "asfaltoaren egoera txarragatik zegoen arriskua" tarteko ez dute antolatu asteburu honetara arte: "Azkenean animatu egin gara, gogoa geneukan guk ere bai. Asfaltoa ez da guztiz ondo geratu. Oraindik falta da amaitzea, baina nik uste merezi izan duela. Herriak eta inguruko herrietakoek ere motor gogoa zeukaten. Gorla da igoera munduan goian dagoen proba bat ondo irten da dena".

XXX. edizioari buruz galdetuta Xabier Zabaletak adierazi du azken bost urteak geldirik egonda "indar pixka bat" hartu dutela eta "ziur" hurrengo urtean egingo dutela.

Erlazionatuak

Auto hotsekin, bueltan da Gorlako igoera

Idoia Aranbarri Arzuaga mai 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak