Herrietako festak, euskal abesti tradizionalen mezuak, osatzear dagoen Eusko Jaurlaritza berrirako proposamenak… Horiek guztiak eta gehiago izan zituzten atzo hizpide ‘Algaraka’ euskarazko bakarrizketa lehiaketaren lehen saioan parte hartu zuten lau umoregileek. Xabin Fernandez, Mikel Iriarte Joxemiel, Asier Galarza eta Maider Triviño Maider Mimi izan ziren lehiaketa estreinatu zuten lehen bakarrizketalariak, eta urduritasunak urduritasun, denak ere gustura agertu ziren behin euren txanda amaitutakoan.
Miren Nogalesek aurkeztuta, zortzi minutuko tartea izan zuen partaide bakoitzak Aner Peritzek, Idoia Torregaraik, Josu Zubiak eta Ana Goitiak osatutako epaimahaia konbentzitzeko. Eta ez zuten lan txarra egin: epaimahaikideek adierazi zuten “espero baino maila altuagoa” izan zutela bakarrizketek, eta bertaratu ziren ikusleen barre algarak ere etengabeak izan ziren. Eta maiatzaren 31an Seminarixoan bertan egingo den final handirako txartel zuzena parte-hartzaile bakarrak lortu zuen arren, guztiek jaso zuten txalo zaparrada beroa.
Elkarlanaren fruitua
Jardun euskara elkarteak eta Goienak Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Urretxuko, Zumarragako eta Zumaiako udalen eta EITBren laguntzarekin antolatutako ekimena da Algaraka, eta lehen saioa laster egongo da ikusgai EITBren Primeran plataforman eta Goiena telebistan