Bideberrin eta San Martin plazan txosnak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 13a, 15:00

Etxepek joan den urtean Bideberriko txosnagunean egindako kontzertua.

Xaxauk kudeatuko du Bideberrin jarriko duten txosnagunea, ohikoa den moduan. Udalak San Martin plazan jarri ohi duenaz Aurrera Bergara taldea arduratuko da aurten. Mugimendu Sozialistak aurreratu du plazan jarriko duela berea.

Bideberrin eta San Martin plazan egongo dira aurten ere txosnak Pentekoste jaietan. Xaxauk kudeatuko du Bideberrikoa eta plazan jarriko duela iragarri du Mugimendu Sozialistak. Udalarena ere plazan egongo da, betiko tokian.

Berritasunak Bideberrin

Eguenean egingo du Xaxauk Bideberri guneko txosnagunearen muntaketa. Aurten, gainera, janaria eskainiko duen bat ere egongo da. Baina ez da aurtengo berritasun bakarra izango, eta lehen aldiek sortzen duten urduritasuna nabaritzen hasita daudela aitortu du Xaxauko Andrea Gonzalezek: "Egubakoitzean, zapatuan eta astelehenean egongo da zabalik janarien txosna. Bestalde, baltsen jaitsiera berreskuratzea ere erronka izan da, baina oso harrera ona izan du eta pozik gaude. Komunei dagokienez ere egongo da berritasuna: aurten, trailerrean egoten diren komunak egongo dira Bideberriko txosnagunean. Adibidez, Oñatiko jaietan egoten diren modukoak. Orain arte ez da horrelakorik egon, eta aurten bai. Txosnagunetik Usondo parkera doan zubiaren ondoan egongo dira".

Egitarau zabala osatu du aurten ere Xaxauk, eta txosnak muntatzeko eta kentzeko momentuak ere girotu gura izan ditu. Eguenean, adibidez, kontzertuak egongo dira, muntatze lanak egin ostean, Egino Mallea plazan, eta martitzenean Potx eta Lotxek emanaldia egingo dute, desmuntatzeko lanak hasi aurretik.

Emanaldiak plazan ere

Bergarako Mugimendu Sozialistak, bestalde, plazan txosna bat jarriko duela aurreratu du, oraindik zehaztu ez badu ere zein tokitan izango den. "Aldarrikatzen duguna da herriko eragile guztiek izatea eskubidea txosna bat jartzeko. Izan ere, Bergaran ez dago berme erreal bat eragile guztiek aktiboki eta modu jarraituan txosna bat kudeatzea ahalbidetuko duena. Alde horretatik, irtenbide bat planteatu diogu Udalari, baina pasibotasun handia nabaritu dugu", zioen Eider Elorzak. "Udalaren jarrera hori salatu" nahi dutela gaineratu du eta plazan txosna bat muntatuko dutela adierazi, eszenatoki bat ondoan duela. Egubakoitzetik martitzenera egongo dira emanaldiak han.

Udalak jarri ohi duen txosna betiko tokian, plazan, egongo da aurten ere. Zozketa eginda, Aurrera Bergara taldeak kudeatuko du aurtengo jaietan txosna hori.

Bestalde, erasoen aurkako protokoloa indarrean egongo da aurten txosnaguneetan, eta erasoak salatzeko telefono-zenbaki bat jartzekoak dira. Datorren eguaztenean emango dute horren guztiaren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak