Herri bazkaririk ez da falta aurtengo Pentekoste jaietan. Haur eta gurasoendako, nerabeendako zein helduagoendako antolatu dituzte. Aurreko urteetan izandako arrakastarekin, pentsatzekoa da aurten ere herritar askok honezkero bazkariren bateko txartelak erosita dituela, azkar agortzen baitira.
Parrillada egubakoitzean
Bitorianatxoren jaitsieraren segidan eskainiko dute aurten ere guraso eta haurrendako prestatutako parrillada. Seminarioko karparen azpian jarriko dituzte mahaiak eta aulkiak, eta han izango da, ohikoa den moduan. Urteroko parrilleroak dagoeneko hasita daude aurtengoa nola egin pentsatzen. "Badugu esperientzia, eta hori alde dugu. Edozelan ere, baita neke apur bat ere. Talde bera ari gara parrilladaz arduratzen, eta eskertuko genuke erreleboa edo laguntzaile berriak gerturatzea. Gonbidapena zabalik dago. Aurten ere, dena dela, hantxe izango gara parrillak berotu eta hirugiharra, solomoa eta txorizoa prestatzen", dio sukaldarietako batek, Alain Vivasek. Bihurriak Gara taldeak joko du ondoren, eta DJ Kaktus-ek, berriz, haren segidan.
Astelehenekoak ezin falta
Kuadrillen eguneko herri bazkariak ere, astelehenekoak, sekulako arrakasta izaten du, eta egun gutxiren buruan agortu ohi dira txartelak. Aurten hiru menu eskainiko dituzte: orokorra, beganoa eta zeliakoa. Urtero moduan, plazan izango da. Eluxka txarangak girotuko du eta bazkalostean jolasak egingo dituzte Xaxauren eskutik. Astelehenean bertan, bestalde, 13-15 urte bitarteko gaztetxoek euren bazkari propioa egingo dute, gaztelekuan. Musika eta bingoa ere ez dira faltako.
Hiru herri bazkari horiez gainera, baina, izango dira bestelakoak. San Joxepek, esate baterako, egingo du berea martitzenean. Ikasleena ere antolatuta dago egubakoitzerako eta txomingeroena, aldiz, domekarako. Txapa Irratiak ere antolatuko du urteroko afari herrikoia, domeka iluntzerako.