Bost urteko etenaren ostean, bueltan da euskal zirkuituko igoera ezagunenetako bat, eta pilotuen artean harrera ona izan du, 47 automobil batuko dira-eta bihar irteera puntuan (15:00). "Kopuru oso polita da, eta, gainera, erreferentziazko pilotuak datoz. Horrek erakusten du jendea Gorlarako gogoz zegoela; lasterketa ona egiteko osagaiak badaude. Pilotuei asko gustatzen zaien igoera da hau, ibilbideak denetik duelako: tarte azkarrak ditu, tarte laburrak, paellak... Alde horretatik, trazatu osoa du", adierazi du Gorla racing taldeko Xabier Zabaletak.
Antolatzaileek garbi zuten lasterketaren etorkizuna kolokan zegoela eta zirt edo zart egiteko momentua zela: "Eta aurrera egitea erabaki dugu, lasterketa errekuperatzea". Hain zuzen, mendateko asfaltoa erabat konponduta ez badago ere –asfaltatze lana amaitzea geratzen da–, hilabete hauetan konponketa lanak egin dituzte, eta antolatzaileek uste dute igoera txukun egin daitekeela. Hortaz, datorren urtean 30. edizioa antolatzen badute, orduan bai, asfalto berriaren gainean izango da.
Debagoieneko hamaika pilotu
Lasterketan Debagoieneko hamaika pilotu izango dira. Aipatu moduan, Aitor Zabaletak urte hauetan geldi izan du Lola BMW autoa, baina zapatuan lanean jarriko du ostera ere, bergararrari etxeko lasterketan parte hartzeak ilusioa egiten dio eta. Eta ez hori bakarrik: haren seme Aitor Zabaleta azken urteotan BMW 330 batekin dabil, baina orain arte ez dira aita-semeak lasterketan elkarrekin egon, eta bihar biak izango dira irteera puntuan. Hori bai, bakoitza auto eta kategoria ezberdinetan.
Esan bezala, eurekin batera ibarreko beste bederatzi lagun lehiatuko dira: Mikel Otxoa (BMW Touring), Ander Serrano (BMW M3), Iñigo Errasti (Clio Sport), Mikel Beretxinaga (BMW 325i), Unai Jurado (BMW 325i), Asier Odriozola (Ibiza TDI), Gorka Urrutia (206 HDI), Jokin Mellado (Saxo VTS) eta Aimar Arriolabengoa (Citroen AX).
Auto azkarren artean egongo dira Abel Lombardoren Dallara F3, CM kategoriako Daniel Jimenezen BRC eta Iosu Beitiaren Speed Car. Eta auto polotoak ere egongo dira; esaterako, Igor Urienen Citroen AX E2, Bruno Scherer-en Porsche-GT3 eta joan den astean Izpegin irabazi zuen Lucas Scherer-en M3.
15:00etan hasita
Ohi bezala, lasterketak hiru txanda izango ditu, eta lehenengoa entrenamenduetakoa izango da. Sari banaketa ekitaldia, berriz, Lainon egingo dute, 20:00 aldera. Antolatzaileek eskatu dute lanean egongo diren komisarioak errespetatzeko.