Hitzak antzezlana aurkeztuko dute zapatuan Isladak proiektuko kideek Bergarako Seminarixoan, 20:00etan. Iaz egin zuten lehen emanaldia, eta, izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere "antzezlan formatu bera" egitea erabaki dutela dio Mikel Irizarrek, antzezlaneko zuzendariak.
Lau antzezlan laburrez osatutako emanaldia izango da, eta antzezlan bakoitzak abesti bat izango du aurretik, obra bakoitzean jorratuko duten gaia testuinguruan jartzeko. Antzinako garaiak, Dos amigos eternos, Benetan maite zaituen norbait eta Lo que yo quiero izango dira antzeztuko dituzten obrak, eta, lau horien artean kanpoko egileen obrak badaude ere, badaude bi lan Isladak proiektuko kideek sortu eta antzeztuko dituztenak: Antzinako garaiak eta Benetan maite zaituen norbait, hain zuzen ere.
Antzerkia herrian bultzatzeko
"Antzerki taldea baino proiektu bezala izendatzea" nahiago dutela dio Irizarrek; izan ere, hasierako ideia zen antzerkiaren zaletasuna bultzatzea herrian. "Bergaran beti egon da musikarekiko zaletasun handia, eta Seminarixoa, pilotalekua eta beste hainbat toki bete izan dira musikagatik. Antzerkiari dagokionez, eta nahiz eta obra onak ekarri, gehiago kostatzen da aretoak betetzea, eta hori aldatzeko erabaki genuen proiektu hau sortzea; antzerkia egin ez duen jendearekin lan eginda, antzerkia bultzatzea". Horregatik, antzerki motzeko formatuaren alde apustu egitea erabaki zuten, "antzerkia ikustera ohituta ez dagoen jendearengana iristeko obra laburren bitartez".