Kutsu bergararra izango dute gaur, egubakoitza, kartzela zaharrean egongo diren kontzertuek; izan ere, 22:30ean hasita, Orhi eta Hegazkin taldeek euren kantuak eskainiko dizkiete bertaratuei. Orhi taldeak, gainera, lehenengo lan luzea kaleratu berri du: Izarrik ez diskoa.
Bergarako Orhi taldeak lehenengo lana aurkeztuko du: Izarrik ez diskoa
Hamar abestiz osatutako lana da eta aurkezpena Kartzela Zaharrean bertan egingo du Bergarako taldeak. Hamar abestiz osatutako lana da argitaratu berri dutena eta pop-rock estiloaren baitako abestiak direla dio Aitor Narbaizak, taldeko kideak. Urte eta erdi inguru aritu dira dagoeneko argia ikusi duen lan horrekin bueltaka, eta Ainhoa Martinek, taldeko abeslariak, aitortu du "lan handia" egin behar izan dutela diskoa kaleratzeko. "Sormen-prozesuek beti behar dute heltze denbora bat eta gu ere pixkanaka-pixkanaka joan gara lanean. Estiloa bilatzen aritu ginen, eta, gure gustuko abestiak egiten ari ginen neurrian, gainontzekoa errazago sortu genuen. "Lan berezia" dela aitortzen dute taldekideek, eta, lehenengo lana izanik, "ilusio handia" egiten die Bergaran aurkezteko aukera izateak. Are gehiago, kartzela zaharra urteetan euren etxea izan dela aitortzen dute, eta "oso garbi" zeukaten diskoaren aurkezpen eguneko emanaldia bertan izango zela. 2024ko erdialdera iritsita, gelditzen diren hilabeteetan euren lana "ezagutzera eman eta kontzertuak eskaini" gura dituzte, eta, nola ez, "sortutakoaz gozatzea eta ikusleei gozaraztea" ere izango dute helburu. Nahi duenarentzat eskuragarri egongo dira kontzertuan taldearen disko, kamiseta eta bestelakoak.
Bergarako Hegazkin taldea izango da egubakoitzean oholtzara igoko den bigarren taldea. 2021. urtetik darama bikote bergararrak elektro-pop estiloko abestiak sortzen, eta orduan aurkeztu zuten euren lehenengo diskoa: Haize beltzak. Egubakoitzean, baina, lantzen ari diren bigarren diskoko abesti batzuk ere joko dituztela iragarri du Alayn Carazok, taldeko gitarra-joleak.
Zapatuan, Ivan Barquero gogora
Bihar, 19.30ean, rock-and-roll doinuak entzungo egongo dira kartzela zaharrean; izan ere, Ivan Barquero zena gogora ekarriko dute haren lagunek. 2018an eman zuten kontzertu hori aurrenekoz, eta aurten bosgarrenez igoko dira oholtzara, Barquero zenaren "gustuko kantuak jotzera, lagun artean eta hura gogora ekartzeko asmoz", haren lagunen hitzetan.