Jeltzaleek salatu dute gune horren kudeaketa Ereindajani esleitu gura diotela administrazio emakidarako "kontratu atipiko" baten bidez: "Kontratu horretan, hurrengo hamar urteetan 350.000 euro inguru bermatuko zaizkio denda eta sentsibilizazio kanpainak kudeatzeko, eta beste 50.000 euro jarduera horiek sortzen dituzten gastuentzat".
Proiektu horri elikadura mahaian eman zitzaiola hasiera ekarri dute gogora EAJko kideek eta uste dute "eraikin horri buelta bat emateko eta merkatua bultzatzeko unea dela erabiltzaileentzat zein ekoizleentzat". Hain zuzen ere Bergarako Udalak, EH Bilduren gidaritzapean, 350.000 eurotik gorako obra egin duela Oxirondoko azoka biziberritzeko gaineratu dute. Baina Mikel Lete bozeramaileak dio Udal Gobernuak azaldu egin beharko duela zergatik egingo dion hamar urterako esleipen zuzena Ereindajan enpresari.
Bestalde, Gorlako kantina eta Agorrosingo taberna kudeatzeko oinarriak argitaratu direla azken egunetan adierazi dute, bi kasuetan "lehiaketa irekiaren bidez esleitzeko". Horregatik, EAJk galdetu gura du merkatuaren kasuan zein den "400.000 euro zuzenean esleitzeko", eta, gainera, udala "hamar urterako hain modu irregularrean lotzeko" arrazoia.