Ligako azken partidua jokatuko du Soraluze BKE taldeak asteburuan, eta irabazi beharra dauka mailari eutsi gura badio. Eta horretara, "irabaztera", aterako dira jokalariak Labegaraietako kantxara, datorren denboraldian ere Euskadiko txapelketan lehiatu gura dute eta.
Akatsak zuzenduta
Partiduari begira aste barruan aparteko prestaketarik ez dutela egin dio entrenatzaileak, Xabat Irazolak, baina azkenaldian jokatutako partiduak onak izan direla eta hori ere izango dela sinistuta dago, gaizki egin dutenetatik atera dutelako zer ikasia: "Azken biak irabazi ditugu eta aurreko hirurak galdu, azken laurdenetan. Ikasi dugu azken zati horretan ere jokatu egin behar dela, markagailuan ondo joan arren. Akatsak egin ditugu, baina zuzentzen ikasi ere bai, eta datorren partidua irabazteko moduan gaude".
Zapatuan, 18:00etan
Domeketan jokatu izan ditu beti Soraluze BKE taldeak etxeko partiduak, baina bateratu egin ditu neurketa guztiak Federazioak, eta, horrela, partidu guztiak zapatuan 18:00etan jokatuko dira. "Buruan ez ditugu besteen emaitzak izango, eta jokatzera aterako gara. Aurten galdu ditugun partiduak irabazi nahi ditugu datorren denboraldian. Taldea ondo ari da, motibatuta dago oso, eta merezi du datorren denboraldian ere Euskadiko lehiaketan egotea". Gasteizko Arabarri taldearen aurka jokatuko du zapatuan, baina Ordizia da jaitsiera postuari eusteko duen aurkari zuzena: "Irabazi beharra daukagu, bai edo bai".
Saskibaloi festa
Partidu hori bukatzean, hirugarren mailako seniorrek dute partidua. "Gipuzkoako bigarren mailara igotzeko aukera izan dezakete horiek, eta saskibaloi festa polita egongo da zapatuan Labegaraietan".