"Sinistuta gaude eskualdean garraioaren arazoarekin badagoela kontsentsu bat, zerbitzua ez da duina, baina duintzeko alternatibekin adostasunik ez dago. Egoera hau modu berezituan bizi dugu gazteok, garraio publikoa oinarrizkoa da-eta gure mugikortasunerako. Horrek eskualdeko mugikortasuna nabarmen okertzen du, alternatiba moduan mugikortasuna murriztuz, edota garraio pribatua areagotuz. Hori dela eta garraio publiko eta duinaren aldeko apustua egiten dugu, eta norabide horretan aldarri amankomun batzuen baitan mobilizatzeko une bat izango da maiatzaren 25ekoa", adierazi dute Debagoieneko Ernaiko kideek gaur Bergaran egin duten agerraldian.
Bergarako San Martin Plazatik abiatuta
Garraio publiko duina lortzeko bidean, otsailean aurkeztu zituzten "oinarrizko aldarrikapenetan" jarri dute gaur ere arreta maiatzaren 25erako deitu duten manifestaziora begira. "Honako lau aldarrikapen nagusi ditugu: Enpresa pribatuen esku hartzeekin amaituz, garraio publikoa guztiz publifikatzea; eskualdeko 4000 biztanletik gorako herrien arteko linea zuzenak ezartzea; gau egun behar handiena duten lineen maiztasuna handitzea, eta langile zein erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen autobusak erabiltzea. Gure eskualdean garraioa duintzera bidean hartu daitezkeen oinarrizko batzuk dira soilik horiek, argi dago beste neurri batzuk ere hartu beharko direla garraio publikoa guztiz duintzeko. Hala eta guztiz ere, eskualdeko mugikortasun eredua iraultzeko borroka ez da garraio publikoa duintzearekin soilik amaituko", azaldu dute Debagoieneko Ernaiko kideek.