Ohorezko Mailara igotzea lortu dute Bergarako jokalariek. Igoera horretan parte-hartze handia izan du Sara Balentziagak (Bergara, 2002), taldeko kapitainak.
Nola joan da denboraldia?
Aurreko denboraldian nahiko triste amaitu genuen, kategoriaz jaitsi ginelako. Gainera, galera handiak izan genituen, Ainhoa eta Mariñe kapitainek taldea utzi zutelako. Taldea sortzea ere zalantzan egon zen, kopuruz gutxi ginelako. Kartel bat ere atera behar izan genuen, jendea apuntatu zedin. Azkenean, poliki-poliki, taldea sortzen joan ginen. Gure hasierako helburua onena ematea zen, baina erronka txikiak bete ahala gure helburuak mailaz berriro igotzea izan behar zuela ikusi genuen. Emaitza ikusi da, eta denboraldia modu positiboan baloratzeko moduan gaude.
"Herrian emakumezkoen futbolak hartu duen indarra ikusteak poztu egin gintuen"
Zelan ikusi duzu taldea?
Bueno, taldea motibatuta ibili da, ilusioarekin. Aurreko urtean gaizki pasatu genuen, partiduak galtzen eta kopuruz pertsona gutxirekin. Hala ere, aurten emaitzak zela joan diren ikusita eta astean zehar egiten genuen lana ikusita, taldea pozik ibili delakoan nago; bereziki, azken txanpa honetan.
Behin igoera bermatuta, ospatzeko aukera izango zenuten, ezta?
Egun oso polita izan zen; batez ere, Agorrosin hain beteta ikusteak ilusioa egin zigun. Herrian emakumezkoen futbolak hartu duen indarra ikusteak poztu egin gintuen. Partidua etxean jokatzeak behar genuen bultzada eman zigun. Familia eta lagunak etorri ahal izatea eta etxean ospatzea ikaragarria izan zen. Partiduaren ostean, zuzendaritzako kideekin afaltzeko aukera izan genuen, eta gaua bera ere oso ondo joan zen.
Denboraldian zehar zaletuen erantzuna ona izan da?
Urtean zehar gertutasun hori izan dugu. Jendea sarri etorri izan da, nahiz eta zapatuan bizitakoak ez duen aldekorik. Oso eskertuta gaude bidean gurekin izan diren guztiekin. Etxeko partidetan zein kanpora gurekin etorri direnei eskerrak eman nahi nizkieke. Zapatukoa berezia izan zen, ohi baino jende gehiago gerturatu zelako, baina ez ditugu ahazten orain arte gurekin izan diren guztiak.
Nola aurreikusten duzu hurrengo denboraldia?
Lehenengo, epe motzean pentsatu behar dugu. Bi partidu ditugu oraindik, eta ezin gara erlaxatu. Egindako lan guztiaren ondoren, urtea ondo bukatzea gustatuko litzaiguke. Final bat ere badugu oraindik, eta horrako ere prestatu behar dugu. Hasiera batean, maila mantentzea izango da asmoa. Kategoria zelan dagoen ikusi eta horra moldatu nahi dugu. Bestela, betikoa, astean zehar egindako lana asteburutan erakustea.
"Kategoria zelan dagoen ikusi eta horra moldatu nahi dugu"
Harrobia indartsu dator?
Bai, esango nuke Bergaran harrobi polita dagoela. Zapatuan ere ikusi zen nola neska gazte ugari gerturatu ziren. Ez bakarrik zapatuan, astelehenetik egubakoitzera Agorrosinen eta Ipintzan harrobia sustatzeko lan handia egiten da. Alde horretatik lasai gaude, etorkizuna badagoelako. Gainera, aurten kadete batzuek gurekin debutatzeko aukera izan dute, eta hurrengo denboraldian gurekin egotea espero dugu.
Bergaran emakumezkoen futbola oso sustraituta dago, ez?
Egia da urte hobe zein okerragoak egon direla, baina esango nuke orain etapa polit baten gaudela. Jendea animatzera etortzen da, eta geroz eta neskatila gehiago animatzen dira probatzera. Ez hori bakarrik, probatu ostean geratu egiten dira asko.