Pasatu dira hilabete batzuk Bergara eta Antzuola artean mugitzen den Lemak taldearen berririk ez zela, baina Biken Larrañaga –gitarra eta ahotsa–, Beñat Larrañaga –baxua eta ahotsa– eta Antxon Arregi –bateria– ez dira geldirik egon.
Itxoiten aurrerapen-kanta
Pop-rock doinuen bueltan mugitzen den hirukotea oso gogotsu dago lokalean sortu eta ostean Zestoako Gaztain estudioan grabatu eta nahastu duten bigarren diskoa plazaratzeko: "Bigarren lan hau Ezpalak taldeko Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu eta hirukote moduan soinu gordinagoa eta indartsuagoa eman nahi izan diegu gure abestiei. Horretan asko lagundu digu Eñaut Gaztañagak; izan ere, gitarrari, baxuari eta bateriari, hiru instrumentuei, eman diegu garrantzi berezia. Hori da zuzenekoetan transmititu nahi dugunaren esentzia eta uste dugu disko berrian hori nabarituko dela". Sei abestik osatuko dute diskoa, eta gaur bertan argitaratu dute plataforma digitaletan Itxoiten singlea edo aurrerapen-abestia.
Kantuaren bideoklipa bukatzear dutela adierazi diote GOIENAri, eta azala Ione Larrañaga diseinatzaile antzuolarrak egin du: "Diseinuak ederki islatzen du diskoaren izaera". Lemak taldearen asmoa da diskoa ekainean argitaratzea: "Diskoa argitaratu aurretik, gure asmoa da beste bi aurrerapen abesti argitaratzea".