Pello Garitanoren omenezko bigarren martxa ziklista egingo dute zapatuan, hilak 20, San Martin plazatik hasi eta Gorlaraino. Martxa 11:00etan irtengo da, eta Lokatza Ziklismo Eskolako antolatzaileak 09:30etik 10:30era egongo dira dortsalak edo plakak banatzen; Udalaren eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren laguntza jaso dute: "Bereziki, Udalaren ezinbesteko laguntza eskertu nahi dugu".
2022ko ekainaren 18an hil zen Garitano, 82 urte zituela, herrian arrasto handia utzita. Hamaika saltsatan aritu zen boluntario: San Martin jaietako umeen danborradan, Lokatza Ziklismo Eskolan, elikagai bankuan, Alai abesbatza taldean...
Herriaren alde egin zuen lan guztia eskertzeko haren omenezko ziklismo martxa antolatu zuen Lokatza Ziklismo Eskolak iaz, Gorlako Igoera ziklistaren bezperan. Aurten, beste data batean antolatzea erabaki dute, Gorlako Igoeraren bezperan Erramu-zapatuko ospakizuna zegoelako.
"Festa giroan" igoko dira
Garitanoren omenezko bigarren irteeran izena emateko aukera apirilaren 14an amaitu zen, eta, Lokatzako Ion Unamunok zehaztu duenez, aurten 185 txirrindularik hartuko dute parte: "Iazko lehen edizioan 230 bat izan ginen eta aurtengoa ere oso kopuru txukuna da, pozik gaude. Badakigu, gainera, iaz prestaketa handirik gabe parte hartu zuten batzuk martxa prestatzen aritu direla azken egunotan Gorlan gora; Pelloren aitzakian herritar batzuek kirol gehiago egitea lortu dugula esan daiteke, eta hori pozgarria da". Zortzi kilometro eta erdiko ibilbidea "festa giroan" egiteko asmoa dute: "Iaz bezala, partaideei eskatu nahi diegu mozorrotuta etorri daitezela, igoera ahalik eta koloretsuena izan dadin. Anoa-postu bat egongo da bidean eta mozorro onenari sari berezi bat emango diogu: Aranburu hortz-klinikaren eskutik hortz-garbiketa bat".
Bazkalostean, Azkaiter Peloxen kontzertua izango dute, eta ondoren, Legazpiko Trapalata txaranga
Bazkaloste animatua
Martxaren ostean, bazkaria egingo dute Seminarioko karpan, eta 110 bat lagun elkartuko dira: "Bazkalostea animatua izatea espero dugu, zozketak eta zuzeneko musika izango dira eta. Mozorro onenaren sariaz gain, herriko taberna batzuk ere inplikatu dira partaideen artean otordu batzuk zozketatzeko. Eta, gainera, Azkaiter Pelox taldeak argitaratu berri duen Batera hegan diskoko abesti batzuk joko ditu zuzenean". Eguna borobiltzeko, Legazpiko Trapalata txarangarekin batera kalejiran joango dira poteoan, 18:00etatik 21:00etara.
Lokatzarik ez Garitano gabe
Garitano hil berritan zela, Unamunok gogoratu zuen Lokatzak urte batzuetan Garitanori berari esker biziraun zuela, neurri handi batean: "Lokatzari oso lotuta egon zen, baina baita herriko beste hainbat proiektutan ere. Hutsune handia utzi du, ez da egon haren parekorik. Egundokoa zen Pello, paregabea".