Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako talde hoberenetako bik neurtu dituzte indarrak gaur goizean Agorrosin futbol zelaian; izan ere, Bergarak Zarautzen bisita jaso du. Partida osoan zehar bergararrak nagusi izan badira ere, azkenengo minutuan epaileak zarauztarren alde adierazi duen penalti batek erabaki du neurketa.
Goiz eguzkitsua izan dela nabari izan dute bi taldeek lehenengo zatian eta, horri, aurkariarekiko errespetu handiarekin zelairatu direla gehituta, aukera handirik gabeko lehenengo zatia bizi izan dute Agorrosineko harmailetan izan direnek. Lehenengo zati parekatua izan da eta ez da erasoko aukera garbirik baina, hala ere, mahoneroek kontrolpean izan dute partidaren erritmoa eta haiek izan dira aurkariaren ate ingurura gehien hurbildu direnak.
Huts eta hutsekoarekin iritsi dira atsedenaldira bi taldeak eta, aldageletatik bueltan, etxekoen nagusitasuna are handiagoa izan da: baloiaren jabetza handiagoa izan dute, sakontasuna lortu dute hegaletan eta zarauztarren ate inguruan aritu dira ia bigarren zati osoan zehar. Futbolak, baina, ez da beti justua izaten eta, partida amaitzeko minutu gutxiren faltan, epaileak zarauztarren aldeko penaltia adierazi du; hamaika metroetako jaurtiketa asmatu egin dute kanpokoek eta hiru puntuak etxera eraman dituzte.
Kolpe gogorra
Asteburu honetako partida "begiz jota" zutela adierazi du partidaren amaieran Iker Ruiz de Larramendik, Bergarako entrenatzaileak; izan ere, "final bat ez, baina partida oso garrantzitsu bat" zela aitortu du. Porrota jaso arren, "taldeak eginiko lanarekin oso harro" agertu da Ruiz de Larramendi eta azken sei jardunaldietan ahalik eta puntu gehien eskuratzen saiatuko direla adierazi du "goiko talderen bat despitatu ezkero lehian egongo den talde bat" izan nahi dutelako.