"Euskarazko ikus-entzunezkoen aktibazioan eragiteko helburuarekin" abiatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira zirkuitua, tokiko euskara elkarteekin elkarlanean eta hainbat udalen babesa ere jasota. Gaur egungo euskal zinemagintzaren lagin bat herriz herri erakustea du aurten 21. aldia izango duen zirkuitu ibiltariak ere helburu. Gaur abiatu eta maiatzaren 12ra bitartean 37 herritan izango da euskal sortzaileen lanekin gozatzeko aukera.
Zortzi film labur
Euskal Herriko zinemagile profesionalek zein amateurrek egindako lanen erakusleiho "zabala" izango da aurtengo zirkuiturako aukeratutako zerrenda ere. "Askotariko generoak, lan egiteko moduak, protagonistak eta istorioak aurkituko ditugu aukeratu ditugun zortzi filmetan. Honako hauek izango dira aurtengo emanaldietan ikusgai: Ander Iruretagoyenak zuzendu duen Babesa; Jone Arriolaren Dena asmatuta dago; Guillermo Ordasen Katalinaren zoria; Amaia Lejarretak zuzendutako Erro; Mikel Alvarezen Mundu berri bat; Ane Cuestaren Zirrara; Ilune Diaz eta Jordi Nueten Talkak; eta Kim Maitenyren Betizu buru izenekoa, hain justu. Debagoieneko zinemagile askoren lanak batu izan ditugu, baina oraingoan ez da halakorik", azaldu dute Euskaltzaleen Topagunetik.
Bergaran gaur ikusgai
Bost saio izango dira Debagoienean: Jardun Euskara Elkartearen eskutik, Bergarako Seminarixoan, gaur; Antzuolako Udalak antolatuta, apirilaren 20an, Torresoroa aretoan; Txirritola Euskara Elkartearen eskutik, Aramaioko kultura etxean, apirilaren 28an; maiatzaren 7an, Arrasateko Amaia antzokian izango da, AEDren eskutik; eta Aretxabaletako Udalak antolatuta, Arkupe kultura etxera eramango dute, maiatzaren 9an.