Hiru partidu jokatu ditu Burdiñola taldeak asteburuan jokatu den hockeyko Espainiako emakumezkoen zilarrezko ligako jardunaldian. Hirurak irabaziz gero bermatuta zuen maila berean jarraitzea eta hori izan da taldearen helburua. Hirutik bat galdu egin dute baina aleko golengatik, mailari eustea lortu dute eta pozik daudela aitortu du entrenatzaileak, Agustin Ojangurenek: "Atzo bat irabazi –Vila-Real (Castellon) taldearen kontra– eta bestea galdu egin genuen –Lemons-en (Valladolid) kontra–, eta gaur goizekoa irabazi –Almassera (Valentzia)–. Partidu gogorra izan da hirugarrena, gainera. Lehia zuzena zen eta elite mailako jokalariak atera dituzte eurek. Baina Burdiñolako neskak sekulako partidua egin dute. Azkenean, taldeek sartutako gol kopurua kontutan hartzen da sailkapen orokorrerako eta Burdiñolakoek eurek baino bat gehiago, 19-18, zuten sartuta. Horri esker, hirugarren postuan sailkatu da etxeko taldea asteburuko jardunaldi honen ostean eta horrek esan gura du mailari eustea lortu duela eta hurrengo denboraldian ere maila berean jokatuko duela: Espainiako emakumezkoen zilarrezko ligan, senior kategorian. Oso oso pozik gaude".
Castellon, Valentzia, Madrid, Valladolid eta Galiziako taldeak jokatu dute asteburuan Labegaraietako kiroldegian Bergarako Burdiñolarekin batera.