Iker Sanchez-en gidaritzapean egin du emanaldia Euskadiko Ikasleen Orkestrak Bergarako Santa Marina parrokian. 85 musikari gaztek jo dute elkarrekin eta tartean ziren herriko Alazne Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika biolin-joleak. Ia bi ordu iraun ditu eta elizako eserleku guztiak entzulez beteta egon dira. Txalo zaparradekin eskertu diete pieza bakoitza musikariei.
Aurten 40 urte betetzen ditu Bergarako musika eskolak eta urteurren horren baitan izan da emanaldia. "Opari bat", musika eskolako zuzendari den Marije Ugalderendako. Emanaldiko azken pieza entzun aurretik hartu du hitza Ugaldek eta esker ona adierazi die orkestrako kide guztiei bere izenean eta eskolaren izenean; "opari bat izan da hau, ikaragarria izan da hain maila altuko gaztetxoak hemen entzutea".