Bergarako Adinekoen Kontseilua partaidetzan oinarritutako organoa da eta Udalak eta adineko pertsonen alde lan egin nahi duten herritar, talde nahiz elkarteek osatzea da asmoa. Organo aholkularia, kontsultakoa, informatzailea, ekintzen sustatzailea eta behatzailea izango da. "Bergarako beste sektore batzuekin egiten dugun bezala, gure adinekoen iritziak eta lehentasunak ezagutu nahi ditugu, Udalaren eta herritarren arteko komunikazio kanalak indartzeko. Denon artean Bergara hobe bat eraikitzea ortu behar dugu", adierazi du Gorka Artola alkateak.
Helburuak
Adineko pertsonen kontseiluaren helburuak dira: pertsonen eta eragile sozialen sarea sortu; ahalduntzea eta protagonismoa bultzatu; adineko pertsonekin lotutako gaien inguruan hausnarketa egin; Bergarako adineko pertsonen egoerak identifikatu eta horiei erantzun; eskubideak eta interesak defendatu eta adineko pertsonen arloarekin zerikusia duten herriko edozein gertaera jaso, aztertu eta behar den erantzuna bideratu.