Pentekoste jaietako kartel eta zapi lehiaketak martxan

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko api. 3a, 09:46

2023ko eta 2022 kartel irabazleak.

Gero eta gutxiago geratzen da Pentekoste jaietarako, eta testuinguru horretan, martxan dira bi lehiaketa. Bata,  Bergarako Udalak antolatuta, festak iragartzeko kartel lehiaketa. Bestea, Jardun Euskara Elkartearen eskutik, jaietako zapirako lelo eta marrazki lehiaketa.

Bi lehiaketak irekiak dira, hau da, edonork har dezake parte. Jardunen zapirako marrazki eta lema lehiaketara proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 28a izango da. Aldiz, Bergarako Udalak antolaturiko kartel lehiaketako azalak aurkezteko azken eguna apirilaren 19a izango da. Epaimahai batek erabakiko du kartel irabazlea, baina herritarrek apirilaren 22tik 24ra bitartean botoa emateko aukera izango dute eta bozkek %40 balioa izango dute. Jarraian xehetasun gehiago:

Zapi lehiaketa

Marrazkiak A4 formatuan eta zuri-beltzean izan behar dira. Lanak aurkezteko azken eguna apirilak 28 izango da. Jarduneko bulegoan edo jardun@topagunea.eus helbide elektronikoan. Sariei dagokienez, helduen marrazki irabazleak 100 euroko saria jasoko du, haurrenak 60 eta esaldi onenak 40.

Iazko irabazleak.

Kartel lehiaketaren oinarriak

  1. Lehiaketa honetan edozein pertsonak har dezake parte.
  2. Azaleko irudiak 30 x 42 zentimetroko neurria izango dute eta 300 ppp-ko erresoluzioa, eta formatu bertikala.
  3. Azaleko irudiak paperean inprimatuta eta kartoizko oinarri baten gainean aurkeztuko dira. Era berean, irudiaren kopia digitala CD informatiko batean ere aurkeztu beharko da.
  4. Teknika librea erabili ahal izango da.
  5. Azalak ondorengo testua eraman beharko dute nahitaez: PENTEKOSTE JAIAK 2024 BERGARA.
  6. Baztertuak izango dira adikzioen prebentzioaren eta berdintasunaren irizpideen aurkako adierazpenak jasotzen dituzten lanak.
  7. Lehiaketa honetara aurkeztutako lanak originalak izango dira, egileak berak sortuak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean inoiz aurkeztu gabeak. Bergarako Udalak plagioa egon denaren zantzurik ikusten badu, sortutako kalteen aurrean kalte-ordainak eskatu ahal izango dizkio plagioaren egileari.
  8. Lehiaketako irabazleak 400€ko balio duten bonoak eskuratuko ditu, Bergarako komertzio-guneetan trukatzeko. Saria eman gabe ere geldi daiteke, epaimahaikoek gutxieneko kalitaterik ez dagoela uste badute.
  9. Azalak ez dute egilearen nortasuna agerian utz dezakeen ezer edukiko. Atzeko aldean lelo bat dutela aurkeztuko dira irudiak. Gutun azal itxi batean leloa kanpoan eta egilearen datuak barruan jarriko dira. Era berean, gutun azal itxi horretan ondorengo dokumentua ere sinatu beharko du irudiaren egileak: Nik, (egilearen izen-abizenak) eta NAN zenbakia (zenbakia) dudanak, zin egiten dut kartel lehiaketa honetara aurkeztutako lana originala dela, eta beste lehiaketaren batera inoiz aurkeztu gabea (egilearen sinadura).
  10. Azalak Bergarako Udaleko BAZ zerbitzuan aurkeztuko dira, apirilak 18, 13:00ak baino lehen.
  11. Epaia jakitera ematen den egunean jakinaraziko da epaimahaia zein pertsonak osatu duten. Udaleko berdintasun, prebentzio eta kultura sailetako ordezkari bana, jai batzordeko ordezkari bat, komunikazioan eta diseinuan aditua den ordezkari bat eta arte disziplinan ezagutza duten herriko bi ordezkarik osatuko dute. Horretaz gain, epaimahaiaren osaketa orekatua izango da. Halere, herritarrek ere izango dute bozkatzeko aukera http://www.bergara.eus/ helbidean. Herritarrek emandako bozkek %40 balioa izango dute. Herritarrek apirilaren 22tik 24ra bitartean bozkatu ahal izango dute.
  12. Epaimahaiko kideek hartutako erabakia aldaezina izango da.
  13. Saritutako lanaz Bergarako Udala jabetuko da, eta argitaratzeko, eraldatzeko, zabaltzeko eta abarrerako eskubidea izango du. Saritu gabe gertatu diren lanak jasotzeko, jaiak hasten direnetik kontatzen hasita hilabeteko epean jaso beharko dituzte egileek. Epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, pentsatuko da ez dituztela aintzakotzat hartzen, eta Udala horietaz libreki baliatu ahal izango da. Era berean, ez da erreklamazio edo indemnizazio eskubiderik onartuko.
  14. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek onartzea.

Iazko irabazlea, Aitor Zengotitabengoa, 2023ko kartelarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak