Aste Santurako turismo eskaintza zabala izango da aurten ere. Bergarako herrigunea berez den interesguneaz harago, bereziki dolmenen ibilbidea eta Laboratorium museoko eskaintza zabala izango dira amu nagusi.
Txukuntze lanak dolmenetan
Dolmenen ibilbidearen balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko udalek, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, bisita gidatuak antolatu dituzte apiriletik aurrera, eta, bisita gidatu horietarako dolmenak eta horien inguruak ahalik eta txukunen mantentzeko asmoz, asteon Bergarako Udaleko mendiko lantaldeak Elosumendi-Irukurutzetako mendi lerroan dauden monumentu megalitikoak garbitu ditu. Lan "konplexuak" direla-eta, udal langileekin batera Aranzadi zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoa egon da lanotan. Hamar monumentu txukundu dituzte, guztiak Bergaran kokatuak, nahiz eta muga egin Azkoitia, Elgoibar eta Soraluzerekin. Tumuluak, dolmenak, trikuharriak, zutarria… denetariko monumentu megalitikoak garbitu dituzte. Dolmenen ibilbide gidatua bederatzi kilometrokoa da eta hiru ordu eta erdi irauten du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Aldez aurretik izena eman behar da: 657 79 46 77 edo info@begi-bistan.com. Lehen irteera apirilaren 1ean egingo dute.
Honako hauek dira hurrengo irteerak:
- Apirilak 1 astelehena (Gazteleraz)
- Apirilak 28 igandea (Euskeraz)
- Maiatzak 19 igandea (Gazteleraz)
- Ekainak 9 igandea (Euskeraz)
- Ekainak 30 igandea (Gazteleraz)
- Uztailak 11 osteguna(Euskeraz)
- Uztailak 25 osteguna (Gazteleraz)
- Abuztuak 8 osteguna (Gazteleraz)
- Abuztuak 22 osteguna (Gazteleraz)
- Abuztuak 29 osteguna (Euskeraz)
- Irailak 22 igandea (Euskeraz)
- Urriak 6 igandea (Euskeraz)
Museoa, beti erakargarri
Laboratorium museoa eta bertako eskaintza izango da aurten ere turistentzako interesgune nagusietako bat. Honako ordutegi hau izango du museoak Aste Santuko oporraldian: jaiegunetan, 10:00etatik 13:00etara; zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; apirilaren 5ean, egubakoitza, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta, gainerako egunetan, 10:00etatik 14:00etara. Bergara Monumentalaren, Lorategi Historikoen eta museoaren bisita gidatuetan izena emateko aukera badago, baina Laboratoriumeko arduradunek jakinarazi dute komeni dela aldez aurretik izena ematea lehenbailehen: "Deitzen goiztiarrenak direnek aukera gehiago izaten dituzte nahi duten bisita nahi duten hizkuntzan erreserbatzeko. Erreserba batzuk lotuta ditugu dagoeneko, eta, beraz, komeni da lehenbailehen deitzea". Izena emateko: 943-76 90 03. Horrez gain, ekonomia zirkularraren gaineko erakusketa jartzen amaitu zuten atzo, eta hori ere ikusgai egongo da bisitarientzat.