Euskadiko Ikasleen Orkestrak Bergaran joko du lehen aldiz, apirilaren 6an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 29a, 08:12

Euskadiko Ikasleen Orkestraren kontzertu bat, 2023ko urrian. Argazkia: EIO.

Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) lehen aldiz joko du Bergaran, Musika Eskolaren 40. urteurrena ospatzeko; apirilaren 6an izango da, Santa Marina elizan (12:30). Alazne Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika bibolin-jole bergararrak bertan egongo dira.

Bergarako Musika Eskolak 40 urte bete dituela ospatzeko ekitaldien barruan, Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) kontzertua emango du lehen aldiz Bergaran. Opor giro betean izango da emanaldia; apirilaren 6an izango da, Santa Marina elizan (12:30), eta sarrera doakoa izango da. Musika eskolatik heldu zen eskaera begi onez ikusi zuten EIOko arduradunek, hiriburuetatik harago herrietan ere jotzea beti aberasgarria dela iritzita. Kontzertu horretan egongo dira Alazne Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika biolin-jole bergararrak.

Donostian, Bilbon eta Gasteizen jotzeaz gain, ikasleen orkestrak Bergaran joko du datozen egunotan

"Maila goreneko" kontzertua

Euskadiko Orkestraren harrobiak "maila goreneko" kontzertua emango duela aurreratu du Iker Sanchez zuzendari musikalak: "Ideia ona iruditu zitzaigun Bergaran jotzea; are gehiago, orkestran hiru ikasle bergarar ditugula jakinda. Oso gogotsu gaude gure lana bergararrekin partekatzeko. EIOren kontzertu guztiak dira bereziak; Bergaran ere ia 100 ikasle bilduko ditugu. Errepertorioa ezaguna izango da, eta maila gorenekoa. Erronka zailak izan ohi dira gure kontzertuak, baina beti heldu izan gara ondo; hunkigarria da gazte horiek, adibidez, Beethovenen bosgarren sinfonia jotzen ikustea. Halako obra handi bati aurre egitea ez da lan erraza, eta gazte horiek sekulako talentua dute. Lehen entsegu edo irakurketa bat egin genuen joan den astean, eta oso ondo joan zen. Ziur kontzertu itzela izango dela".

Sanchez, bigarrenez Bergaran

Hain zuzen, Aste Santuko oporraldia baliatuko dute EIOko "familia" elkartu eta goiz zein arratsaldez entseatzeko. Bilbon, Gasteizen, Bergaran eta Donostian izango dira hurrengo kontzertuak. "Hiriburuetan jo ohi dugu, normalean, baina beti da polita eta ezberdina herrietan ere jotzea. Gogoan daukat Euskadiko Orkestra zuzendu nuela duela 15 bat urte, Bergarako Musika Eskolaren 25. urteurrenean, frontoian eman genuen kontzertu batean. Beti da ederra bestelako lekuetan kontzertuak ematea", dio Sanchezek. Gainera, orkestra sinfoniko batean ohikoak ez diren instrumentuak ere izango dira Bergarako kontzertuan: akordeoia, pianoa eta saxoa presente izango dira, esaterako. Errepertorioan honako pieza hauek daude: Dmitri Xostakovitx-en Bigarren Jazz Suitea, Pablo Lopez klarinete bakarlariarendako Gioachino Rossiniren obraren bariazio batzuk –Lopez EIOko ikasle izandakoa da– eta Ludwig van Beethovenen bosgarren sinfonia. Ordubete pasa iraungo du.

Iker Sanchez zuzendariaren arabera, "maila goreneko" piezak joko dituzte

Gazteen "energia berezia"

EIOko zuzendariak dei egin die herritarrei apirilaren 6an Santa Marina elizara joan daitezen: "Errepertorio eder batez harago, sortu ohi den energia bereziaz gozatu ahalko dute. Izan ere, orkestra profesional batekin alderatuz antzeman daitezkeen hutsuneak gazteek euren energiarekin orekatzen dituzte. Gainera, badakit hiru ikasle bergararrak oso gogotsu daudela etxean jotzeko. Herritarrak etor daitezela, ez zaie-eta damutuko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak