San Joxepe jubilatu eta pentsiodunen elkarteko kideek hainbat ekintza antolatu dituzte apirilerako. Udaberriko Festa izango da lehen hitzordua, apirilaren 10ean: mokadutxoa prestatuko dute meriendarako, eta elkarren arteko sozializazioa bultzatzea dute xede nagusi. Hurrengo egunean, berriz, apirilaren 11n, Bergara Oinez egitasmoak hartuko du lekukoa: 10:00etan izango da, eta Agorrosinen elkartuko dira parte-hartzaileak ibilbideari ekiteko; aurrez izena eman behar da, ordea, Agorrosinen, Sanjoxepen edo bergarakirola.eus webgunean. Txalaparta ikastaroa izango dute azkenik apirilaren 15ean eta 22an, Bergarako Musika Eskolarekin: Angel Agiriano izango da irakaslea, eta elkartearen egoitzan egingo dute, 10:30etik 11:30era.
Debagoiendarren arteko jokoak
Sanjoxepe jubilatu eta pentsiodunen elkarteak "harreman sendoa" mantentzen du Debagoieneko gainontzeko elkarteekin, eta hainbat ekitaldi bateratu dituzte, esate baterako, Agijupens federazioak antolatutako jokoen lehiaketa. Apirilaren 17an, 25ean eta 26an izango da, eta parte-hartzaileek askotariko jokoetan parte-hartzeko aukera izango dute: bolotan ez ezik, igelean eta tokan arituko dira hilaren 17an; Arrasateko Abaroa zentrora hurbilduko dira, berriz, hilaren 25ean, billarrean jokatuko baitute; azkenik, Oñatiko Pake Leku zentroan izango da karta lehiaketa hilaren 26an. 16:30ean izango dira ekintza guztiak.
Baita irteerak ere
Debagoienetik ere aterako dira jubilatu eta pentsiodunak, bi irteera egingo baitituzte apirilean. Bermeora (Bizkaia) joango dira apirilaren 18an: Arrantzaleen Museoa bisitatuko dute goizean, eta Cannon jatetxean bazkalduko dute ondoren; Bakiora (Bizkaia) joko dute arratsaldean Txakolinaren Museoa ikustera.
Hilaren 25ean, berriz, mendi ibilaldia egingo dute Errenterian (Gipuzkoa), Beti Bizkor jubilatuen elkarteak antolatuta: 09:00etan aterako dira Bergaratik, eta autobusa eta trena hartuta iritsiko dira hara. Beti Bizkor egoitzan izango da bazkaria; 14 euroko prezioa du. Hilaren 16a baino lehenago eman behar da izena Sanjoxepen.