Egutegian gorriz margotutako eguna da Erramu-zapatua bergararrentzat, eta, urteroko legez, goizean goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua izango dute herrian. Feria izango da Erramu-zapatu goizeko protagonista nagusia, beste urte batez. Goizeko bederatzietan irekiko dituzte ateak, eta aurten ere hainbat tokitan banatuta egongo dira feria osatuko duten postuak. Alde batetik, Ibargarai kalean jarriko dute abelburuen erakusketa, eta, gainera, Ibargarain bertan eta Simon Arrieta plazan ere egongo dira elikagai postuak. Artisautzari dagokionez, San Martin plazan egongo dira postuak; horrez gain, Eusko Labeleko masail-pintxoen postuaz gozatzeko aukera ere egongo da han. Seminarixoko patioa izango da feriaren hirugarren kokalekua, eta bertan makineria, burdindegiak, landare erakusketa eta talo postuak egongo dira. Artisautzari, elikagaiei eta bestelako postuei dagokienez, 79 egongo dira: 40 artisau postu, 33 elikagai postu eta bestelako sei –Bergarako Aspace, Bergarako Odol Emaileak eta Mariaren Lagundia Ikastola, besteak beste–.
Ibilgailuen joan-etorria
Erramu-zapatuak eragina izango du trafikoan. Feria egin ahal izateko, Ibargarai hiribidea itxita izango da eta Boluko eta Elosuko trafikoa Zubieta kaletik bideratuko dute. Fraiskozuri plaza ingurua ere itxita egongo da bi noranzkoetan. Bestetik, gune horietako aparkalekuak libratu egin beharko dira eta zapatu goizean San Martin eskolako eta Ipintza Institutuko patioak aparkaleku moduan zabalduko dituzte.
Herri bazkaria, "arrakastatsua"
Iaz berreskuratu zuten 2019az geroztik pandemia dela-eta antolatu ez zen Erramu-zapatuko herri bazkaria. Txapa Irratiak eta Xaxau Konpartsak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, antolatzen dute herri bazkaria Udal Pilotalekuan, eta aurten ere "arrakasta handia" izan duela aitortu dute antolatzaileek: "Hamar-hamabost minutuan saldu ziren sarrera guztiak. Jende askok nahi izaten du bazkarira joan, eta ezin izaten ditugu guztiak gonbidatu". 450 sarrerako muga jarri zuten antolatzaileek, eta guztiak erosi ziren minutu gutxiren buruan. Hori dela eta, "pozik" daudela aitortu dute antolatzaileek. "Nahiz eta jende askok kanpoan gelditu beharko duen", haientzat "oso aukera polita" da "hori guztia antolatu ahal izatea". Menua aurreko urteetakoen antzerakoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Sarrera moduan Bergarako azokako txorizo egosia eta humusa eskainiko dituzte, eta, horren ostean, oilaskoa patatekin izango dute plater nagusi gisa. Amaitzeko, postrerako, Bergarako gozotegietako pastelak dastatzeko aukera izango dute bertaratuek. Zeliakoentzat, berriz, ogia eta azkenburua egokituko dituzte eta arrozesnea izango dute azken plater gisa. Begetarianoei dagokienez, haien menua ere egokitu egingo dute, eta plater nagusi gisa fideua izango dute. Postreari dagokionez, haiek ere arrozesnea izango dute; kasu horretan, esne begetalarekin eginikoa. Edateko ura izango dute bertaratuek, eta nahi duenak eskuragarri izango du ohiko sagardo txotxa ere –Gipuzkoako Sagardoaren bi kupel jarriko dituzte–. Azkenik, ohiturarekin jarraituz, bazkalostea eta frontoiko irteera girotzeaz arduratuko dira Erramu txarangako kideak.
Hamar-hamabost minutuan saldu zituzten herri bazkariko sarrera guztiak: 450
Txorimaloen erakusketa
Erramu-zapatuan urte luzez egitarauko klasiko izan den ekintzetako bat berreskuratzeko ahalegin berezia egin du Jardun euskara elkarteak. Txorimaloen lehiaketa da urtetik urtera ikusmin handia piztu duen egitarauko ekintzetako bat, eta horren aldeko hautua egin du elkarteak. Iaz, sormen-txokoa izan zen berrikuntza nagusia –6 eta 12 urte bitarteko gazteendako sortutako txokoa izan zen, sormena lantzeko helburuarekin–, baina aurten txorimaloak izango dira berriro ere protagonista.
Alabaina, urteetan izan duen lehiaketa kutsua galdu egingo du aurten, eta 27. edizioak, txorimalo lehiaketa beharrean, erakusketa eran izango du tokia Erramu-zapatuan. Martxoaren 15era arte izan zuen irekita izena emateko epea Jardunek, eta, guztira, zortzi taldek hartuko dute parte erakusketan. Erakusketa Ibargarai kalean jarriko dute, Miguel Altuna zaharraren aldera, animalien ondoan –orain arte, txorimaloak Ibargaraiko beste aldean egoten ziren–. Jardunetik gogora ekarri dute txorimaloak euskararen aldeko esaldi edo lelo bat izan beharko duela eta aurreratu dute partaideei eskerrak emango dizkietela aurrerago Seminarixoko sarrera batzuekin, merienda batekin eta zozketa batekin.
Kaleak girotzeko, musika
Abereak, elikagai postuak edota baserriko makineriak garrantzi handia izango dute Erramu-zapatuan, baina, era berean, musikak eta euskal kulturak ere izango dute euren tokia bergararren jaiegunean. Gaur, Erramu-zapatu bezpera eguna, bertso-saioa eskainiko dute Andoni Egaña, Jone Uria, Miren Artetxe, Amets Arzallus eta Saioa Alkaiza bertsolariek Seminarixoan; gai-jartzailea Ibon Leibar Txinbo izango da; hari laguntzen arituko dira Kopla Barik Bergarako bertso-eskolako kideak.
Erramu-zapatu egunean bertan ere musikaz girotuta egongo dira herriko kaleak. Eguna hasteko, Bergarako Musika Eskolako trikitilariek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Jarraian, 12:00etan, Aurtizko joaldunek girotuko dituzte Bergarako kaleak. 12:30ean, Bergarako Musika Eskolako dantzariek eta fanfarreek euskal dantzen emanaldia egingo dute Munibe plazan; euria egingo balu, Seminarixoa egingo litzateke emanaldia. Zapatu arratsaldean, 19:00etan, dantzaldi-erromeria ibiltaria egingo du Eingo taldeak; euria egingo balu, Munibe plazan izango litzateke. Eguna amaitzeko, Bad Sound System reggae taldeak emanaldia egingo du Munibe plazan.
Band Sound System taldeak eskainiko du emanaldia, zapatuan, Munibe plazan gaueko 22:00etan
Bestelako ekintzak
Feriako postuez eta musika ekitaldiez gain, beste zenbait ekintzak osatuko dute aurtengo Erramu-zapatuko egitaraua. Goizean hasita, 11:00etan, sendabelarrekin egindako ukendu solidoa nola egiten den erakutsiko dute Ekoudalatx mintegi ekologikoko Idurre Arangurenek eta Nerea Altunak; San Martin plazan izango da mintegia. Horren ostean, San Martin plazan bertan kandelak egiteko tailerra eta erleen bizitzaren azalpenak eskainiko ditu Erlantz Olabarria erlezain bergararrak, panel didaktikoen bidez. Arratsaldea iritsi ahala, gaztetxoenek Real Sociedad Fundazioko puzgarriez gozatu ahalko dute plaza berean; 17:30ean hasi eta 20:00ak bitartean egongo dira puzgarriak plazan, eta, euria egingo balu, Boluko frontoira eramango lirateke puzgarri horiek. Ordu berean, Seminarixoko patioan zezentxoak egongo dira.
Erramu-zapatuko egitaraua
Feria, musika, tailerrak eta askoz gehiago izango dituzte bergararrek aurtengo Erramu-zapatu egunean. Goizean goizetik hasi eta gauera arteko ekintzak izango dituzte herritarrek, eta, beraz, jai giroa izango da nagusi herrian. Hauxe da martxoaren 22rako eta 23rako antolatu duten egitaraua:
Martxoak 22, Erramu-zapatu bezpera
• 22:00 Bertso-saioa Seminarixoan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Jone Uria, Miren Artetxe, Amets Arzallus eta Saioa Alkaiza. Gai-jartzailea: Ibon Leibar Txinbo.
Martxoak 23, Erramu-zapatua
• 09:00 Feriaren irekiera. Ibargarain, Simon Arrietan, San Martin plazan eta Seminarioko patioan banatuko da feria.
• 11:00 Kalejira Bergarako Musika Eskolako trikitilariekin. • 11:00. Sendabelarrek egindako ukendu solidoa. Ekouldalatx mintegi ekologikoaren eskutik, San Martin plazan.
• 12:00 Aurtizko joaldunak Bergarako kaleetan.
• 12:00 Kandela tailerra eta erleen bizitzaren azalpenak panel didaktikoen bidez, Erlantz Olabarriaren eskutik. San Martin plazan.
• 12:30 Euskal dantzen emanaldia Bergarako Musika Eskolako dantzari eta fanfarrerekin, Munibe plazan –euria bada, Seminarixoan–.
• 15:00 Herri bazkaria udal pilotalekuan.
• 17:30-20:00 Realeko puzgarriak San Martin plazan –euria bada, Boluko frontoian–.
• 17:30 Zezentxoak Seminarixoko patioan.
• 19:00 Dantzaldi-erromeria ibiltaria Eingo taldearekin –euria bada, Munibe plazan–.
• 22:00 Bad Sound System taldearen emanaldia Munibe plazan.