Erramu-zapatua, lau ahotsetara

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 22a, 13:00

Erramu Zapatuko lau protagonistak egun horri buruzko pertzepzioak izan dituzte hizpide: Ibon Leibar, Haritz Kortabarria, Carmen Etxeberria eta Erlantz Olabarria

"Bertso saioan denek ondo pasatzea da helburua"

IBON LEIBAR 'TXINBO' (GAI-JARTZAILEA)

Erramu-zapatuko egitaraua hasteko, bezperan, Kopla Barik bertso eskolak urteroko bertso saioa egongo du. Ibon Leibar bergararra izango da gai-jartzailea.

Esan liteke bertso saioa klasiko bilakatu dela?

Bai; urte pila bat goaz jarraian bertso saioa antolatzen. Egia da duela hamar bat urte geldialdia izan zuela bertso saioak. Hala ere, orain urtero egiten dugu, eta, gainera, beti edo ia beti bete egiten da.

Orduan, publikoak harrera beroa egiten dio saioari?

Bai, beti egiten digute harrera beroa. Sarrerak atera eta segituan erdia baino gehiago saldu ziren. Momentu honetan ez dakit zela doan salmenta, baina esango nuke ia guztiak salduta daudela. Ikusleen zati bat urtero etortzen den horietakoa da. Hala ere, beti dago norbait berria, lehen aldiz animatzen dena. Kalean esan izan didate zenbait pertsonak aurten joateko asmoa dutela. Horrek poza ematen du, jendeari gustatzen zaio eta gauzak galdetzera etortzen dira.

Aurten, gainera, luxuzko kartela osatu duzue.

Normalean, urtero egoten da luxuzko kartela. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzalluz... Horietako bat urtero egon ohi da. Aurten, adibidez, Saioa Alkaiza dator, duela hiru urte Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen bertsolaria. Bertsolariak aukeratzeko, bertso eskolako kideek hamar bertsolari aukeratzen dituzte, eta Udala arduratzen da hori kontuan hartuta saioa lotzeaz.

Urteko saio handiena da?

Bai, hau da handiena. Horrez gain, urtero gaztetxean Bergarako Txapelketa egiten da. Bestelako saioak ere badaude, auzoetako bertso bazkariak, solte antolatzen diren saioak, baina ez dute beste saio honen tamainarik.

Gai-jartzaile esperientziaduna zara jadanik, ezta?

Ez dakit noiz izan zen lehen urtea. Bertso eskolako kideek egin zidaten proposamena. Lehen urtean errespetua eman zidan, baina, azkenean, oso gustura ibili nintzen eta bertso eskolakoak ere gustura egon ziren. Handik aurrera, beti egon naiz hor. Urtean beste hiru bat saio egiten ditut, izan Arranon edo gaztetxean.

Nolako saioa izango da?

Urterokoaren antzerakoa izango da. Umoretsua izatea nahi dugu. Gaurkotasuneko gai batzuk egongo dira, baita umorea puntu hori bilatzen duten jokoak. Denek ondo pasatzea izango da helburua.

"Ganadua hobetuz joan da"

HARITZ KORTABARRIA (ABELTZAINA)

Ganadu feria da Erramu-zapatuko elementu garrantzitsuenetako bat. Torrena ganadutegiko Haritz Kortabarria aretxabaletarrak zenbait abelburu eramango ditu hara aurtengo edizioan.

Aretxabaletatik Bergarara abelburuekin; pozik horrelako plaza batean egoteko aukerarekin?

Bai, oso gustura joaten gara halako plazetara. Izan Erramu-zapatua, Arrasateko santamasak edo aurkezten garen beste edozein txapelketa, gu gustura ibiltzen gara. Pozik gaude aukerarekin.

Horrelako lekuetan abelburuak erakusteko aukera izatea garrantzitsua izan ohi da?

Bai; azkenean, lanean ze motatako animaliekin gabiltzan erakusteko aukera polita izaten dira horrelako plazak. Gustatu egiten zaizkigu animalia horiek, eta, egia esan, esango nuke horietako batzuk erakusteko modukoak direla.

Ez da zuen lehen aldia, ezta?

Ez da gure lehen urtea, ez. Ez dut gogoan zein urtetan izan zen Erramu-zapatura joan ginen lehen aldia, baina esango nuke gutxi gorabehera 10-15 urte pasako zirela jadanik.

Denbora tarte horretan zelako garapena izan da?

Egia esan, ganadua hobetzen joan da urte hauetan guztietan. Lehengoak baino handiagoak dira, kilo gehiago dituzte, hanka hobeagokoak eta itxura politagoak dira. Alde horretatik, asko nabaritzen da baserritarren eta arraza elkarteen artean egin den lan guztia. Denon artean egindako lanaren emaitza dira, finean, hobekuntza horiek.

Jendeak harrera ona egiten dio ganadu feriari?

Bai, jendeari asko gustatzen zaio animaliak ikustea, baserritarrei zein kalean bizi direnei. Haurrei ere asko gustatzen zaie eta jende asko ibiltzen da. Eguraldiak laguntzen badu, askoz hobeto.

Zelan aukeratzen duzue zein abelburu eraman?

Lehenik eta behin, txahala egiteko zein prozesutan dauden begiratzen dugu. Txahala edukitzear daudenak baztertu egiten ditugu, arriskutsua izan litekeelako. Orduan, txahala edukitzear ez dauden horien artean gustukoenak aukeratzen ditugu, handienak edo egoera onenean daudenak. Batzuetan, txahalak ere eramaten ditugu.

Aurten eramango dituzue txahalak hara?

Aurten ez ditugu eramango. Errazagoa izaten da txahalik gabe joatea. Behiak ohituta daude kamioitik igo eta jaistera, baina txahalei kosta egiten zaie.

"Gu ere kalera ateratzeko eguna da"

CARMEN ETXEBERRIA (NEKAZARIA)

Ganaduaz gain, lehen sektoreko beste ofizioek ere presentzia izaten dute egunean zehar. Salmenta postuetan ikusten da hori. Carmen Etxeberria bergararrak aurten ere postua jarriko du.

Gogotsu zaude Erramu- zapaturako?

Bai, gogotsu nago eguna iristeko. Egun oso polita izaten da Erramu-zapatua, gustura ibiltzen gara.

Halako azokak garrantzitsuak izaten dira zuentzat?

Esango nuke halako azokak garrantzitsuak direla lehen sektorean jarduten dugun guztiontzat. Historikoki ganaduak izan du garrantzi handiena Erramu-zapatuan. Ganadua izaten zen egun horretako izarra, eta indar handien zuena. Hala ere, denborarekin galtzen joan da hori, oraindik ere presentzia nabarmena izaten duen arren.

Ganaduak pisua izan arren, zuek ere hor zaudete.

Bai; azkenean, gu ere lehen sektorearen parte gara. Ganadurik ez daramagun arren, ortuan eta baserrian dagoena eramateko aukera izaten dugu. Orduan, esango nuke gu ere kalera irteteko eguna dela Erramu-zapatua. Lehen sektoreko produktuak darabiltzagu eta hor egotea garrantzitsua da.

Ze produktu eramango dituzue aurten?

Baserrian ekoizten duguna. Barazkiak eramango ditugu, baita baserrian egiten dugun ogia ere. Barazkiak, batez ere, hosto berdekoak izango dira: letxugak, azken eskarolak, espinakak eta porruak. Denboraldiaren amaiera honetan gelditzen diren barazkiak han izango ditugu.

Ze aurreikuspen dituzu?

Daukaguna eramaten saiatuko gara, baina eguraldia da gehien arduratzen nauena. Ez dakit zein iragarpen dagoen eginda, baina horrek markatuko du jende gehiago edo gutxiago egotea. Horri begira gaude gu. Bestela, pozik gaude, eguna iristeko zain. Esperantzarik ezin da galdu.

"Gauza didaktikoak egiten eta erakusten ahalegintzen naiz"

ERLANTZ OLABARRIA (ERLEZAINA)

Lehen sektorea zabala da, eta askotariko kontuak aurkitu daitezke Erramu-zapatuan. Aurten, Erlantz Olabarria erlezainak kandela tailerra eta erleen bizitzaren inguruko azalpenak eskainiko ditu.

Ez da zure lehen aldia Erramu- zapatuko egitarauan.

Ez; hara joateko ohitura daukat. Badirudi apartatu bat dagoela hor niretzat gordeta. Gauza didaktikoak egiten eta erakusten ahalegintzen naiz. Erleek zenbat produktu ahalbideratzen dizkiguten erakustea gustatzen zait, ez dutelako soilik eztia ematen. Eztia, argizaria eta propolia ematen digute; ziztaden pozoia ere erabiltzen da. Modu didaktikoan jendeari gauza horiek erakustea gustatzen zait.

Aurten, gauza baten faltan bi egingo dituzu, ezta?

Bai; kandelen tailerra eta erleen bizitzaren inguruko azalpenak emango ditut, panelen bidez. Erlezainok naturalki egiten dugu hori. Norbait galdezka datorrenean erleen bizitza azaltzen diogu, eta jendeari interesgarria egiten zaio. Guretzat oso sinplea den zerbait da, egunerokotasunean bizi dugu, baina jendearentzat ez da horrela, eta gustura entzuten dituzte.

Polita da horrelako egun batean azalpen horiek emateko aukera izatea?

Oso polita da. Landu egiten duzu hori, zure ingurua lantzen duzu. Horrelako gauzei esker eztia edo argizaria saltzeko orduan jendeak ezagutu egiten zaitu. Esango genuke zirkularra dela: nik haiei azalpenak ematen dizkiet eta gero haiek dira nigana jotzen dutenak.

Harrera ona izaten duzu?

Bai; orokorrean, postu bisitatuenetako bat izaten da.

Liztor asiarraren aurkako kanpainan murgilduta ibili zara; zelan doa hori?

Hasita gaude. Aurten, astebete geroago hasi gara, baimen kontuengatik. Atzo eskuratu nituen datuak, ostegunetan eskuratuko ditut aurten datuak. Modu horretan, datuak azokara eramateko aukera izango dut, erlezainok dugun arazoa azaldu ahal izateko. Kanpaina gogor doa; esango nuke egun gutxian 100 erreginatik gora akabatu ditudala. Erlezainok ez dugu batere erraza azkenaldian. Gainera, ez da soilik liztor asiarraren kontua. Bada beste akaro bat, barroa izenekoa, guretzat kaparra izango litzatekeena dena erleentzat. Erleak xurgatu eta ahuldu egiten ditu. Aurten, erlauntzen %70 galdu dut barroaren erruz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak