Elortzak GOIENAri aitortu dio "berezia" zaiola Bergaran erakustea: "Aiton-amonak eta aita Bergaran jaio ziren eta familiako beste hainbat ere bergararrak dira. Haurtzaroko oroitzapen ederrak gordetzen ditut; harreman ona izan dut beti Bergararekin".
Animeta izena Donostiako "leku berezi batetik" dator, Elortzak azaldu duenez: "Itsasora begira bakea aurkitzen dut han, sentsazio ederrak bizi izaten ditut itsasora begira. Eta niretzat sentsazio polit horiek mantentzeko modua pintatzea da; labur esanda, plazera emango didaten koadroak pintatzea da nire helburu nagusietako bat".
17 urte erakutsi barik
Azken aldiz erakutsi zuen aldia duela 17 urte izan zen, Bartzelonan: "Ordutik ez dut nire lanik jendaurrean erakutsi. Esan daiteke, beraz, esperientzia berriak ari naizela bizitzen".
Ibilbide luzea
Artista moduan ibilbide luzea darama Elortzak, 90eko hamarkadaren erdialdean egin zituen-eta lehen grafiti-piezak, eta horien arlo nabarmenena da nola bakantzen dituen hirigunearen barruko uneak, ekintzak, istripuak, legez kanpokoak...; betiere, muralismoaren eta grafitiaren herri-kulturatik hasi eta Euskal Herriko eskultura garaikidera arteko erreferentziak hartuz. Ezbeharretik, desordenatik abiatuta, modu anbiguoan eta ekoizpen etengabean, ezezagunen argazkiak, pinturak eta bideoak sortzen ditu, besteak beste.