Gaur irekiko du Jon Elortza Areizaga (Tolosa, 1980) artistak Animeta erakusketa, 19:00etan, Aroztegin, martxoaren 31ra arte. Kalean egindako askotariko artelanei ateratako hogei bat argazki eta tamaina handiko hamasei koadro inguru erakutsiko ditu Elortzak; abstrakzioa da nagusi haren artelanetan. Dio Elortzak "berezia" izango dela Bergaran erakustea: "Lehen aldia izango da Bergaran erakutsiko dudana, eta berezia izango da. Aita Bergaran jaio zen, eta, gainera, beti etxean izan dugun aitona-amonen koadroa Simon Arrietak margotu zuen; erretratu horiek ere erakutsiko ditut Aroztegin". Gaur irekiko dute erakusketa, 19:00etan.
Duela 30 bat urte hasi zen
Artista moduan ibilbide luzea darama Elortzak, 90eko hamarkadaren erdialdean egin zituen-eta lehen grafiti-piezak, eta horien arlo nabarmenena da nola bakantzen dituen hirigunearen barruko uneak, ekintzak, istripuak, legez kanpokoak...; betiere, muralismoaren eta grafitiaren herri-kulturatik hasi eta Euskal Herriko eskultura garaikidera arteko erreferentziak hartuz. Ezbeharretik, desordenatik abiatuta, modu anbiguoan eta ekoizpen etengabean, ezezagunen argazkiak, pinturak eta bideoak sortzen ditu, besteak beste.