Jardun euskara elkartea Oxirondo azokara pasatzeko hitzarmena sinatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 12a, 12:35

Bergarako alkate Gorka Artola, Jarduneko presidente Miren Etxeberria eta Udaleko euskara zinegotzi Eider Usobiaga, hitzarmena sinatzen. Argazkia: Bergarako Udala.

Jardun euskara elkarteak udal liburutegiko sotoko bulego zaharra laga eta Oxirondoko azokako Txiki-Txoko ondoko lokalera pasatuko da ahal bezain pronto. Hitzarmena urtez urte berritu ahalko da hamar urtera arte; bi aldeak pozik agertu dira akordioarekin.

Jardunen lokal berria izango du aurrerantzean Oxirondo azokako goiko pisuan, asteon Udalarekin sinatu duten hitzarmenak zehazten duenez. Hala, udal liburutegiko sotoa atzean utzi eta Oxirondoko lehen solairuko gune librearen ondoan kokatutako lokalera lekualdatuko dira.

Hitzarmena urtez urte berritu dezakete

Otsailaren 26ko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak Jardun elkartearen lekualdaketa. Hitzarmena urtez urte berritu ahalko da hamar urtera arte betiere bi aldeak ados baldin badaude, eta Bergaran euskara sustatzeko jardueretarako erabiltzen bada. Jardunek lokal hau elkartearen bulegoetarako erabiliko du, nagusiki, astelehenetik egubakoitzera, goizez eta arratsaldez. Jardunek bere gain hartuko du lokala orain dagoen bezala mantentzeko egin beharreko gastuak egiteko konpromisoa, eta horien berri eman beharko dio aurrez Udalari. Horrez gain, argindarraren gastu proportzionala ere hartuko du bere gain Jardunek. Bestalde, eraikinak dituen zergen gastua Udalaren gain joango dira.

Jardun, pozik eta eskertuta

Euskara zinegotzi Eider Usobiagak erabakiaren garrantzia azpimarratu du: "Elkarteei ahalik eta baliabide onenak ematen saiatzen gara, eta hitzarmen hau horren erakusle da, izan ere, liburutegiko sotoa ez zen elkarte batentzako lekurik aproposena. Bergaran euskarak merezi duen presentzia lortzeko bidelagun garrantzitsua da Jardun, eta Udaletik laguntzen jarraituko dugu". Oxirondoko lokalak askoz baldintza hobeak izango ditu bai Jardunentzat eta baita bertara hurbilduk diren herritarrentzat ere. Beraz, Jardunetik oso pozik daudela diote eta Udalari eskerrak eman diote irekitako ate berri honengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak