Landaola Sarietara izendatu dute Bergarako Udala, Oxirondo azokako Elika Enea proiektuagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 11a, 15:50

Bergarako Udaleko ordezkariak, azokako saltzaileak eta Elikadura Mahaiko kideak, Elika-Enean.

Gipuzkoako landa garapeneko proiektuak errekonozitzeko asmoz, Landaola Federazioak IV. Landaola Sariak ospatuko ditu aste honetan eta Bergarako Oxirondoko azokako Elika Enea proiektua izango da sarituetako bat; sariak eguenean, 14, banatuko dituzte Usurbilen (12:00). 

Bergarako Udalak izendapena jaso du Erakunde Publikoen sariaren atalean, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoaren baitan Elika Enea proiektua bultzatzeagatik.

Sariak: lau atal

Landaola Sariak Federazioa osatzen duten sei elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira. Sariak landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu ziren. Sariak lau ataletan ematen dira: erakunde publikoa, erakunde pribatua, landa eremuko emakumea eta ibilbidea. Sari hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa daukate.

Landaola Federazioaren aburuz, Bergarako Oxirondo azoka biziberritzea du helburu Elika Enea-k. Azokaren beheko solairuan eremu zabal bat hartuko du eta, besteak beste, sukalde komunitarioa eta bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko denda bat egongo dira. Elikaduraren subiranotasuna, ordutegi malguak, kalitatezko elikagaiak, sentsibilizazio jarduerak eta jantokietarako hornidura ardatz dituen ‘azoka garaikidea’ sustatu nahi du Elika Eneak.

Lete: "Eskerrik asko bidelagun izaten ari diren eragile ezberdinei"

Zentzu horretan, Ainhoa Lete alkateordeak izendapenaren garrantzia nabarmendu du: "Oxirondo biziberritzeko eta balio erantsi bat eskaintzeko ahalegina egiten ari gara, herriko komertzioari lagundu eta lehen sektoreko inguruko ekoizleei bultzada bat emateko. Dena den, proiektu hau elkarte eta eragile ezberdinek osatutako Elikadura Mahaitik bultzatu da, beraz Udaletik ere eskerrak eman nahi dizkiegu bidelagun izaten ari diren eragile ezberdinei, beraiek gabe proiektu hau ez zelako posible izango".

Sari banaketa ostegun honetan ospatuko da Usurbilen 12:00etatik aurrera, eta azken edizioetan proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanlegoa eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza nabarmendu izan dira sariduna hautatzeko orduan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak