Labegaraietan jokatu zen, berdinketan amaitutako Soraluce BKE eta Urolaren arteko partida, markagailuan 27 eta 27. "Egindako akatsek eraman gaituzte berdinketara", aitortu du Josetxo Muniategi Soraluce BKE-ko entrenatzaileak. Izan ere, adierazi duenez, lehenengo zatian asko kostatu zitzaien jokalariei partidan "sartzea", eta ondorioz galtzen hasi ziren; 3 eta 7. Golak sartzeko aukera bat baino gehiago izan arren, erasoan egindako akatsen ondorioz lehenengo zatian atzetik joan ziren bergararrak momentuoro.
Atsedenaldia eta gero, berdin jarraitu zuen partidak, jokalariak ez ziren gai izan hasieratik jokoa ondo hasteko, baina berehala hasi ziren erremontatzen. Bigarren zatiko 10. minutuan gutxi gora behera erremontatzen hasi eta primeran aritu ziren bergararrak, berdinketa lortu arte 22 eta 22. Hala ere, Muniategiren jokalariek ez zuten partida irabaztea lortu: "Azken momentuak gureak izan ziren, 27 eta 26 irabazten joanda, aukera bikaina eduki genuen bi goletara jartzeko, baina ez genuen behar bezala aprobetxatu eta berdinketa eskuratu zuten aurkariek".
8 puntu jokoan
Sailkapenean eragin zuzena izan du berdinketak. Izan ere igoera fasetik kanpo daude bergararrak momentuz. Hirugarrenetik bost puntutara utzi ditu berdinketak, eta zortzi puntu daude jokoan, lau partida: "Berdinketak ondorioak izan ditu, hirugarren postutik bost puntutara baikaude, bosgarrenak gara sailkapenean eta ez ginateke igoera fasean sartuko, gainera bi partida gogor ditugu aurretik oraindik. Hala ere, eta erraza izango ez den arren, ez dugu amore emango".