Hamargarren urtemuga ospatzeko, Teidera igoera

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 9a, 12:00

IGAM taldeko kideak Teiden, urteurrena ospatzen. Argazkia: IGAM

Hamar urte bete ditu aurten Bergarako IGAM taldeak, eta, hori ospatzeko, teidera igo dira. 2014an egin zuten lehen ekimena, Intermon Oxfam erakundeak antolatutako 100 kilometroko lasterketa solidarioan. Geroztik, beste hainbat elkartasun ekintza egin dituzte.

Bergarako IGAM taldeko kideak –Juantxo Aranes, Gorka Manso, Txus Iglesias, Aitor Garitano, Jon Ander Garitano eta Alberto Samaniego– hamar urtez ibili dira han eta hemen lasterketetan; betiere, ekimen solidarioak finantzatzeko asmoz. Urtemuga ospatzeko Teidera igotzea erabaki dute.

Kasualitatez hasitako ibilbidea

Kasualitatez hasi zuten euren ibilbidea, 2014an. Taldeko kide diren Jon Ander Garitanok eta Txus Iglesiasek zera diote: "Tabernan geundela, 100 kilometroko lasterketa solidario baten inguruko albiste bat irakurri genuen egunkarian". Gironan izan zen Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen Trailwalker lasterketa.

Lau pertsonako lasterketa da Trailwalker, beste bi pertsonaz lagunduta egin behar dena. Parte hartzeko, 1.500 euro batu behar ditu talde bakoitzak, eta IGAMek 4.576 euro batzea lortu zuen. Lasterketaren helburua klima aldaketak eragindako pobretzeari aurre egiteko finantzaketa lortzea da; egindako kilometro bakoitza ur bilakatuta.

Ibilbide oparoa

Lehen lasterketa haren ostean, beste hainbat ekimenetan hartu dute parte taldeko kideek. Beste behin egin zuten Gironako 100 kilometroko Trailwalker; kasu hartan, 4.026 euro batu zituzten. Haren ostean, Saharako maratoian hartu zuten parte. Hauxe diote taldekideek: "Pentsatu genuen... behin honetan hasita, zergatik ez dugu Sahara maratoia egiten, haiei ere laguntzeko?". 2016ko otsailean egin zuten maratoia, eta esperientzia ikaragarria izan zen haientzat: "Astebete pasa genuen kanpamentuan; ze baldintzatan bizi diren ikusten duzu, eta oso gogorra da". 5.000 euro batu zituzten, hango eskola batean gosari programa bat ezartzera bideratu zirenak.

Saharakoa egin aurretik, beste lasterketa bat ere irudikatu zuten; kasu hartan, Bergaran bertan laguntzeko. Leire Martin bergararrari babesa emateko eta muskulu-atrofia espinalari aurre egiteko lanean diharduen Fundame fundazioari laguntza eskaintzeko jaialdia egitea bururatu zitzaien. "Gainontzekoak laguntzen gabiltza eta herrikide bati ez diogu lagunduko?", hausnartu zuten. 2017ko ekinean egin zuten jaialdia, eta, taldekideek adierazi dutenez, "herri osoa konprometitu zen". 16.000 euro batu zituzten, azkenean.

Geroztik, pandemiaren eraginez, eta laguntzeko zergati egoki bat aurkitu ez dutenez, lasterketa solidariorik egin gabe dabiltza. Hala ere, ez daude geldi, eta Cavallseko bidea egin zuten, adibidez. Laguntzeko moduko kausa baten bila dabiltza, eta gustura jasoko dituzte proposamenak.

Teideko ospakizuna

Urtemuga ospatzeko, Teidera igo berri dira taldekideak. 040 izenez ezagutzen den ibilbidea egin zuten; 0 metrotan hasi ziren, Socorro hondartzan; gero, 3.718 metrora igo; eta berriro ere 0 metrora jaitsi. Gau bat Teiden pasa zuten, aterpearen kanpoaldean lo eginda. Taldekide batzuen ustez, fisikoki egin duten proba gogorrena izan da Teidekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak