Denboraldi berrian errepideetan ibiliko diren txirrindularien aurkezpena egin du eguerdian Lokatza elkarteak Boluko frontoian. Txirrindulariak, prestatzaileak zein senideak batu dira ekitaldian. Txirrindulari kopuruari dagokionez, azken denboraldikoaren berdintsua da, baina kadete mailan eta nesken taldean gero eta gehiago dira.
Txirrindulari batzuk bihar, domeka, dute lehen lasterketa eta horren segidan etorriko dira gehiago, baina elkarteko kide Iñigo Larrañagak adierazi duen moduan denboraldiko helburua ez da karrera bat edo beste irabaztea, kirolaria formatzea baizik: "Elkartearen helburua ez da lasterketa baten bila joatea, baizik beste oinarri batzuk garatzea: kirola egitea, eskolako ikasketak aurrera eramatea eta pertsona formatzea kirolaria formatu aurretik. Emaitzak etorri behar badira etorriko dira, baina etxeko lanak eginda izango ditugu".
Kadete mailako nesken taldean bailarako txirrindulariak egongo dira eta gazte mailako Bergarako mutilek, berriz, Ulmako elastikoarekin egingo dute denboraldia, taldeen arteko kolaborazioari esker. Batzuk Eibarren, beste batzuk Errenterian... bihar, domeka, izango dute askok denboraldiko lehen lasterketa, gainera. Lokatzak berak bost antolatuko ditu etxean: Gorlako igoera, San Antonioko erlojupekoa, nesken San Martzialera igoera Bergara Hiria barruan eta eskolarteko biak, Antzuolakoa eta Bergarakoa.