Zortzigarren aldiz antolatu dute herriko emakume artisten erakusketa Bergaran, martxoaren 8aren bueltan. Atzo, egubakoitza, iluntzean izan zen irekiera ekitaldia eta han elkartu ziren erakusketan parte hartzen dute egile gehienak eta baita hainbat herritar ere. "Emakume artistak izan da aurtengo gaia, generikoa, ez zerbait konkretuari buruzkoa, eta askotariko lanak daude ikusgai, diziplina ezberdinetan egindakoak", azaldu zuen antolaketa taldeko kide den Justina Elexpuruk azaldu zuenez.
Omenaldia ere bai
Erakusketaren inaugurazio ekitaldi horretan, baina, herriko lau emakume artistei omenaldi txiki bat ere egin zieten. Omenduak izan ziren: joaterik izan ez zuen Mari Paz Alustiza, Luisa Arregi –bere iloba Arantzazu Arregik jaso zuen haren omenezko lore sorta–, Asuntxi Gallastegi eta Dioni Tartas. "Alustiza eta Arregi, biak dira margolariak. Alustiza, gainera, herritar askoren pintura irakaslea ere izana da. Gallastegi, berriz, musika irakaslea izan da eta egun parrokia bietan jotzen du oraindik organoa. Eta Tartas, berriz, argazkilaritzan aritutakoa". Gallastegik eta Arregik, biek hartu zuten hitza loreak jaso ostean, ekitaldiagatik eta eurekin oroitu izanagatik. "Margolan asko egin zituen nire izebak. Inoiz ez zuen horrelako ekitaldirik edo aitortzarik izan. Oso eskertuta nago", zioen haren ilobak. Ainhoa Lete, Aitor Arantzabal eta Maite Usabiaga udal ordezkariek eman zizkieten lore sortak omenduei. Herritar talde batek erakusketa hori antolatzeko egindako lana eskertu zuen aurretik Letek.
Martxoaren 10era arte zabalik
Erakusketa Bergarako Aroztegi aretoan dagon ikusgai martxoaren 10era arte. Aartista hauen diziplina askotariko lanak ikus daitezke: Alicia Garcia, Amaia Santamaria eta Nekane Bernal, Ana Abajo, Arantzazu Arregi, Cecilia Dulanto, Idoia Etxarri, Jone Albeniz, Justina Elexpuru, Lierni Narbaiza, Maialen Lopez, Maite Azkargorta, Mariñe Jauregi, Jone Telleria, Mireia Gonzalez, Nerea Kerejeta, Usoa Mendikute eta Mari San Vicente.