Urte askoan Andoain izan zen piano-joleen erdigune urtean behin, han egiten zelako Euskal Herriko piano-joleen topaketa nagusia, eta, nola ez, hantxe izaten ziren Debagoienekoak ere. Pandemia tarteko, Andoaingo topaketa bertan behera gelditu zen eta gaur egun eskualdeka egiten da, etorkizunean piano-jole izango direnei euren talentua eta musika eskoletan egindako lana erakusteko aukera emateko. "Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak premia ikusi zuen Andoaingo topaketa ordezkatzeko, eta eskualdeka egiteko aukera zabaldu zuen. Asteburu berean hainbat piano-jole topaketa egingo dira Euskal Herriko eskualde batzuetan", dio Marije Ugaldek, Bergarako Musika Eskolako zuzendariak.
Iaz lehenengoz Oñatin egin zuten topaketa eta aurten, berriz, Bergarako Seminarixoak hartuko dio lekukoa. Domekan, goiz osoan, bailarako eta Soraluzeko musika eskoletatik etorritako 71 piano-jole elkartuko dira Bergaran. Topaketa hiru zatitan banatuko dute: 09:30ean lehenengoa, 11:00etan bigarrena eta 12:30ean hirugarrena. Topaketa horrek eskualdeko piano-joleek "elkar ezagutu" eta gainontzeko musika eskolek zer egiten duten "ikusteko" aukera ematen duela dio Ugaldek.
Denetariko piezak
Emanaldietan adin askotariko jendea nahastuko dute eta bi eskutara zein lau eskutara joko dituzte piezak piano-joleek. Errepertorioari buruz galdetuta, "denetarik" entzuteko aukera egongo dela dio Bergarako Musika Eskolako zuzendariak: "Lehen, pieza klasikoen aldeko apustua handiagoa zen, baina gaur egun denetariko musika lantzen dugu. Horregatik, uste dut aniztasun musikal handia izango dutela emanaldiek". Era berean, azpimarratu du joaten den orok ez duela "aspertzeko betarik" izango.
Guztientzako aukera
Topaketa da, eta ez du inolako kutsu lehiakorrik domekakoak, eta, hain zuzen ere, Ugaldek azpimarratu du guztiei "pianoa jotzeko aukera" ematea dutela helburu topaketa horiek, duten maila dutela. "Gaur egun irakasleok egokitzen gara ikasle bakoitzak duen mailara, eta bakoitzak bere prozesua du. Horregatik, domekan maila handiagoko eta baxuagoko piano-joleak izango dira Seminarixoko taula gainean, baina guztiek jotzeko aukera izatea da nahi dugu topaketa horietan", dio Ugaldek.