Bergarako emakume artisten erakusketa, otsailaren 23tik martxoaren 10era

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 22a, 14:52

Emakume artisten erakusketaren irekiera Aroztegi aretoan, iaz.

Martxoaren 8aren bueltako egitarauko klasikoetako bat da Bergarako emakume artisten erakusketa. Aurten, herriko eta kanpoko emakume artistei egin nahi izan diete omenaldia; egubakoitzean, hilak 23, irekiko dute erakusketa Aroztegi aretoan, martxoaren 10era arte.

Martxoaren 8aren bueltan Bergaran antolatzen diren ekitaldien artean errotu denetako bat da herriko emakume artisten erakusketa. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, gaur ireki eta martxoaren 10era arte Aroztegi aretoan ikusgai egongo dena. Antolakuntza taldeko Justina Elexpuruk aurreratu duenez, aurten herriko zein kanpoko emakume artistak omenduko dituzte: "Askotariko arloetan aritu diren emakumeak dira, herrikoak eta kanpokoak, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez hain ezagunak. Gaia anbizio handikoa, da eta ziur polita irtengo dela; zeresana ematea espero dugu. Herritarrei erakusketara joateko dei egiten diegu".

Irekiera ekitaldia egubakoitzean izango da, 19:00etan. "Hasiera batean, ez dugu ezer berezirik antolatu irekiera ekitaldira begira, baina izan daiteke azken orduan zerbait inprobisatzea. Zerbait egitekotan, xumea izango da", aurreratu du Elexpuruk.

Nazioarteko artistei keinua

Honako artista hauen diziplina askotarikoko lanak egongo dira ikusgai Aroztegi aretoan: Alicia Garcia, Amaia Santamaria eta Nekane Barnel, Ana Abajo, Arantzazu Arregi, Cecilia Dulanto, Idoia Etxarri, Jone Albeniz, Justina Elexpuru, Lierni Narbaiza, Maialen Lopez, Maite Azkargorta, Mariñe Jauregi, Mireia Gonzalez, Nerea Kerejeta, Usoa Mendikute eta Mari San Vicente.

Zortzigarren edizio honetan, hamazazpi artistaren lanak egongo dira ikusgai Aroztegin

Adibidez, Ana Abajo bergararrak Ana Mendieta artista kubatarra izan du inspirazio iturri: "Ana Mendietak asko zuen esateko, eta denbora gutxi izan zuen hori kontatzeko. Errespetuz eta begirunez inspiratuko naiz haren lanetako batean nirea propioa sortzeko".

Nazioarteko beste artista batzuetan oinarritu da Cecilia Dulanto bergararra: "Tracey Emin-en Everyone I Have Ever Slept With 1963-1995 obra eta Caro Mantken-en hainbat obra inspirazio-iturri hartuta, emozioen eta sentimenduen mundua aztertu eta konpartitu nahi izan dut. Obraren helburua da emozioetatik sentimenduetarako bidaia aztertu eta, ikuslearekin bat, emozio zein sentimendu batzuen normalizazioa bilatzea".

Nazioarteko artistengana jo izanaren beste hiru adibide dira, besteak beste, Maite Azkargortak Esperanza Spalding musikariari, Mariñe Jauregik Raluca Burca irudigileari eta Usoa Mendikutek Alba Ceide komikigileari eskainitakoak.

Herriko sortzaileak ere gogoan

Bestalde, badira Bergarako artistengan inspiratu direnak ere. Arantzazu Arregik bere izeba Luisa Arregiri eskaini dio margolana: "Luisa Arregi nire izeba zen, musikari eta margolari bikaina. Harekin hasi nintzen margotzen eta haren omenez erretratu bat aurkeztuko dut: nire biloba Aritzen Aritz kapelarekin obra. Justina Elexpuruk Asuntxi Gallastegi musika irakaslea izan du gogoan, gaur egun bizirik dagoena: "Luzaro bergarar askoren musika irakasle izan zen. Gaur arte San Pedro eta Santa Marina elizetan organo-jole; nire miresmena zuri, artista bikaina zaren horri!".

Era berean, Euskal Herriko sortzaileak ere badira protagonista; horren adibide da Mireia Gonzalez bergararrak Karmele Jaio idazlearen Amaren eskuak liburuan oinarrituta sortu duen collage-a. Esker on hitzak ere izan dituzte antolatzaileek: "Eskerrik asko beste urte batez proiektu polit hau aurrera ateratzea posible egin duzuen guztioi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak