Lagun Onak-en bigarren taldeak –talde nagusia Hirugarren Mailan ari da lehiatzen– zukua atera zuen Agorrosindik, 89. minutuan falta jaurtiketa bateko aldaratze bati esker gola egin ostean.
Etxeko taldea indartsu zelairatu zen eta hasieratik estutu zituzten azpeitiarrak. Hain zuzen ere, hirugarren minutua bete aurretik korner batetik buruz egin zuen gola Paul Valgañon erdilariak eta hortik aurrera Bergarak partidua kontrolatzeko saiakera egin zuen eta, hein handi baten, baita lortu ere. Izan ere, Lagun Onak-ek apenas sortu zuen arriskurik, eta Bergarak izan zituen pare bat aukera garbi markagailuko aldea handitzeko. Atsedenaldira 1-0koarekin joan ziren.
Bigarren zatian kanpoko taldeak intentsitatea handitu zuen baina aukera garbirik sortu barik. Bigarren zatikoa joko trabatuagoa izan zen, falta askorekin eta jokaldi lotu gutxiagorekin. Eta hiru puntuak Agorrosinen geratuko zirela zirudienean, heldu zen zorigaiztoko jokaldia. Banakoa jaso eta erreakziorako tarterik gabe, zapore gaziarekin etxeratu ziren mahoneroak.
Halaxe baloratu zuen partidua bergararren gola egin zuen Paul Valgañonek: "Goiko postuetako aurkari batzuek berdindu egin dute eta gaur irabazita asko hurbilduko ginen talde horiengana. Baina ez da posible izan, halakoa da futbola. Batzuetan zuk sartzen duzu gola azken txanpan eta beste batzuetan jaso egiten duzu. Beheko taldeen aurka puntu gehiegitxo galdu ditugu; intentsitate handiko taldeak dira eta ez da erraza izaten; gaurkoa da horren adibidea: partidua kontrolatuta izan arren azken minutuko jokaldi horretan ezin izan dugu ezer egin".