Adineko pertsonak eta gazteak elkartuko dituen kafe-tertulia antolatu dute Mariaren Lagundia ikastolako Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleek, Bergarako Udalarekin elkarlanean. Tertulia otsailaren 9an izango da Mariaren Lagundia ikastolan, 10:30-12:00 bitartean. Ekintzaren helburua belaunaldiarteko ikuspegitik interesgarriak izan daitezkeen gaien inguruan hitz egitea izango da, betiere tarte atsegin bat pasatuz eta elkarrekin egoteko une bat sortuz. Kafe-tertuliaren ondoren, beste foro batzuk antolatuko dituzte ikasleek, bertan jorratutako gaien inguruan sakontzeko. Azkenik, gai horietan oinarritutako irratsaioak egingo dituzte.
Egitasmoaren erdigunean 65 urtetik gorako bergararrak egongo dira, Lanbide Heziketako ikasleekin batera. Ikasleek adineko pertsonak tertulia honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Saioan parte hartzeko bi modutan eman daiteke izena: bata telefonoz, 943 76 25 41 zenbakiaren bidez, eta bestea hemen aurki daitekeen loturaz.
Aurreko urtean hasitako bidea
Aurreko urtean abiatu zuten lehenengoz Mariaren Lagundiko zikloetako ikasle zein irakasleek arlo sozialeko lanketa, orduaren ere Bergarako Udalarekin elkarlanean. Lehen lanketa hartan bakarrik bizi diren adineko pertsonen bakardadea jorratu zuten. Hasitako lanarekin jarraituz, aurten Bergarako adinduak erdigunean jartzea da helburua. Arlo sozialarekin batera, ikasleen gaitasun eta konpetentziak martxan jarri eta euren prozesu formatzailea aberastea nahi da.