"Jaialdi bat antolatzeko aitzakia da Ikasfest"

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 2a, 11:32

Laino Beltzak, Bergarako Venti jatetxean emandako kontzertuan.

Bergarako gaztetxean musika jaialdia egingo dute bihar, zapatua (20:00). Bergarako Laino Beltzak, Arrasateko Hankaz Gora, Urretxuko Zatekeen erromeria taldea eta Goierriko Iltze taldeak izango dira oholtza gainean. Sarrera 5 euro da –ikasleek 4 euro–.

Izenak iragartzen duen moduan, zapatuan 20:00etan Bergarako gaztetxean egingo duten Ikasfest musika jaialdiaren helburua da Aranzadi Ikastolako DBHko ikasleek apirilean egingo duten ikas bidairako dirua lortzea. Hori horrela, eurak dabiltza jaialdia antolatzen. "Tira, egia esan behar badugu, dirua lortzearena aitzakia da", dio, barrez, antolaketa taldean lanean dabilen Markel Egurenek. "Aspaldi genbiltzan gaztetxean musika jaialdi bat antolatzeko gogoz, eta helburu nagusia emanaldia egin eta bertaratzen garenon artean ondo pasatzea da. Hori bai, musika jaialdian ikas bidaiarako diru apur bat ateratzen badugu, ederto, diru faltan gaude-eta", dio Egurenek, umorez.

Kontzertua, lagun artean

Ikasfest lagunartean antolatzen dabiltza. Eguren bera Bergarako Laino Beltzak taldeko abeslaria da, eta jaialdia antolatzeko gertuko kontaktuetatik egin dute tira. "Arrasateko Hankaz Gora taldekoak gertuko lagunak dira; lehen ere jo dugu elkarrekin, eta oso ondo konpontzen gara. Iltze musika taldekoengana Jon Ormaetxearen bitartez iritsi gara, haren lagunak dira eta. Bestetik, zerbait ezberdina eskaini nahi genuen jaialdian, estilo ezberdin bateko talde bat ekarri, eta pentsatu genuen erromeria bat ekartzea ondo legokeela. Hala, Urretxuko Zatekeen erromeria taldea etorriko da emanaldia borobiltzera". Hain zuzen, sarrerak dagoeneko salgai daude, Arrano tabernan. Ikasleek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta langileek, 5 euro. Egunean bertan, baina, gaztetxeko leihatilan ere egongo dira sarrerak salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak